GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gaztesarea auzia» dela-eta, Madrilen deklaratu zuen atzo gazte batek

GARA |

Gaztesarea atari digitalaren aurkako operazioa dela-eta, Amurrioko gazte batek Auzitegi Nazional espainolean deklaratu behar izan zuen atzo. 2008 urteko abuztuan Guardia Zibilaren errepide kontrol batean zozketa txartel batzuk atzeman, eta «ETArekin kolaboratzea» egotzi diote.

Gertaera hori dela-eta, geldialdia egin zuten atzo Amurrioko Zaraobe institutuan. Hala, 12.00etan Amurrioko plazan elkarretaratzea egin zuten gaztearen aurkako epaiketa salatzeko. 100 lagun inguru bildu ziren eta Amurrioko gazteari zein operazio horrek eragin dien beste gazteei ere elkartasuna adierazi zieten.

Bestalde, Unai Mallabia Errekaldeko presoa Cadizeko Puerto de Santamariako Puerto I espetxera eramana izan dela jakinarazi dute haren gertukoek. Salatu dute espetxera iristean kartzelariek kolpatu egin zutela, eta horren ondorioz ezpainetan zauriak eragin dizkiotela. Gainera, zigor gelatik ezingo du irten hilabetez, GARAri jakinarazi ziotenez.

Errepresaliatu politikoen eskubideen alde larunbatean egitekoa zen manifestazio bat debekatu dute, berriz, Etxarri-Aranatzen. «Terrorismoa goraipatzea aitzakia hartuz» izan dela debekatua salatu, eta deialdia atzera bota dutela azaldu dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo