GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibil IAko bozeramaileak

Urriaren 12an ikasleok intsumisioa!

Egutegia bera herri baten nortasunaren adibide baita. Herri batek bere egunak ospatzeko eskubidea baitauka. Guk ez, ordea.

Urriak 12. 12 de octubre. Fiesta Nacional de España, o Día de la Hispanidad. Hona hemen Wikipediak urriaren 12ari buruz ematen duen azalpenaren sarrera: «conmemora la efeméride histórica del Descubrimiento de América por parte de España y el nacimiento del Imperio Español. La celebración tiene lugar cada 12 de octubre, donde se celebra un desfile militar en la Plaza de Colón de Madrid».

Eta horrela, ikasle eta abertzaleok geure buruari galdetu izan diogu urtero ea zer daukagun guk ospatzeko gaurko egunez. Jai eguna baita Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko eskola eta fakultateetan. Jai hartzera behartzen baikaituzte ikasleok, gaurko egunez. Ospatu nahi ez dugun zerbait ospatzera behartzen gaituzte.

Ez baitugu, Colonek Amerika «deskubritu» zuen egunean, ospatzeko ezer ikusten. Ez dugu, era berean, telebistan desfile militar bat ikusteko, jai hartzerik nahi.

Horregatik, inposaketa egun bat da guretzat gaurko eguna. Gure kultura, historia eta nortasunaren gainetik, arrotza zaiguna inposatzen baitigute. Eta hain zuzen ere, inposaketa horretan jarraitzeko tresna modura erabiltzen dute.

Jakin badakigu, eta urte luzez esaten dihardugu, herrien eraldaketarako ezinbesteko tresna dela hezkuntza. Eta herri bat isilarazteko erabiltzen da hezkuntza, gure kasuan. Euskal Herriak ez dauka merezi duen Hezkuntza Sistema Nazionalik. Ez daukagu curriculum propiorik, eta hori horrela, eskoletan ikasten duguna ez da gure arbasoek idatzitako historia. Horrela jasotzen ditugu arrotz zaizkigun edukiak, eta horrela behartzen gaituzte gureak ez diren jai egunetan jai hartzera.

Egutegia bera herri baten nortasunaren adibide baita. Herri batek bere egunak ospatzeko eskubidea baitauka. Guk ez, ordea.

Baina ikasleak Euskal Herrian gaurko egunez bistaratu ohi den argazkiaren kolorea garela esan dezakegu. Ikasleok ez dugu egun honetan jai hartzen. Ez gara motxilak batu, eta etxera joaten, ezer pasako ez balitz moduan. Jai delako jai hartzeak, zentzurik ez duela aspaldi ulertu genuen. Hain zuzen ere, 1998. urtean egin baikenituen lehen aldiz Herri Eskolak. Hurrengo urteetan gorpuztuz eta hedatuz joan diren Herri Eskolak izan ziren haiek. Borroka baten lehen fruitua, eta ondorenaren euskarria. Aldi haren ostean, urtez urte, Herri Eskolen planteamendua handituz joan da, eta gero eta zabalduagoa izan da jai egun arrotzen aurrean ikasleok hartutako intsumisio jarrera. Eskola eta fakultate asko zabaldu izan ditugu lehenengo aldi hartatik. Eta geuk geuretzat sortutako eduki ugari lantzeko aukera izango dugu. Egunerokotasunean, eskola eta fakultateetan, curriculum arrotzak medio lantzen ez ditugun gaiak edota ikuspuntuak lantzeko aukera izan ohi dugu Herri Eskoletan, eta aurtengoan ere horrelaxe egingo dugu.

Gaurko egunez, batek baino gehiagok jai hartuko zuen egun honetan, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikasle asko eta asko klasean egongo gara. Eskoletan landuko dugun gai nagusia izango da 1512. urtean gertatutako Nafarroaren konkista. Orain arte historiako klaseetan erakutsi nahi izan ez digutena ikasteko parada izango dugu bertan. Eta horrekin batera, Bologna prozesuaren nondik norakoak edota internazionalismoari buruzko hitzaldiak ere izango dira Herri Eskoletan. Lekuan lekuko, nola ez, ingururako esanguratsuak diren hainbat eduki lantzeko tartea ere hartuko dugu ikasleok. Geure ikuspegitik, geure gogo eta ilusioz prestatutako klaseak jasoko ditugu gaur, eta harro gaude horretaz.

Harro, eta zoriontzeko moduan. Gaur jai hartu baino, klasera joateko hautua egin dugun ikasle guztiok, geure herrian sinesten dugun eta geure herriak eman diguna ikasi nahi dugun ikasle baikara. Aurrera begira horrelaxe jarraituko dugula argi daukagun ikasleak gara. Geure herriak, herri moduan bere jai egun propioak ospatzeko aukera duen artean, jai izan, besteek izango dute-eta gurekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo