GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Aitatasun-baimenaren harira

Legeak, batik bat ez direnean Tabakoaren Aurkako Legeak lez iskanbila sortzen duten horietarikoak, eginda eta indarrean daudela ere ez dugu jakiten.

Izan liteke gehiago gertatzen dela eskubideak arautzen dituztenean, ez zena izateko edo dagoena areagotzeko, betebeharrak garbiago izaten baititugu. Ez betetzearen atzean beti dago-eta zigor hitza, ekidin nahi eta beharrekoa.

Hori dela eta, berriki onartu den urriaren 6ko 9/2009 Legean, aiatatasun-baimenaren iraupena hedatzeko, xedapen gehigarrietariko batean zera jasotzen da: Gobernuak sentsibilizazio-kanpainak burutu beharko ditu aitek gozatu ahal izango dituzten eskubide berriak ezagutzera emateko eta familiako erantzukizunak aitaren eta amaren artean erdibana banatzea sustatzeko.

Izan ere, xedapen hori jasotzen duen Legearen helburua gai beraren inguruko aurreko legean araututakoa hedatzea da, hau da, umea jaiota, adoptatuta edo hartuta, aitak lana aldi baterako eteteko eskubidea izatea, beraz, lege honen bitartez baimen hori lau astekoa izatera igaro da. Aitaren aldeko politika positibo honen xedea, azken batean, gizonek familiako erantzukizunetan esku-har dezaten sustatzea eta ahalbidetzea da. Emakumezkoek etxetik kanpo burutzen duten lana amaitu ostean ez dezaten izan beste lan-jardunaldi bat etxera iritsi bezain laster.

Halako neurriak kontziliazioa deritzonaren alde egiten dira. Emakumeak lan-mundura sartzen hasi direnean gero eta gehiago nabaritu eta azaleratu den arazoari irtenbidea emateko. Sarrera horrekin familia eredu tradizionala puskatu baitzen, gizonezkoa etxeko soldata ekartzen zuen etxez kanpoko langilea eta emakumea etxea, seme-alabak eta oro har familiarekin zerikusia zuen guztia aurrera ateratzen eta zaintzen zuen pertsona, ez-langilea, eta beraz, soldatarik, eskubiderik eta onartze sozialik gabekoa. Egun, familia eta haurrak izanda etxeko lana berdin-berdin izaten jarraitzeari lan-mundurako sarrera horren baldintzak, eragozpenak eta diskriminazio-egoerak gehituta, osasuna galdu gabe aurrera egitea eta bizitza eduki ahal izatea, ezinezkoa bihurtzen da.

Horregatik, familiak egiten, hezten eta gozatzen jarraitu ahal izateko, lanean trebetasunak garatu eta norberarentzako asti pixka bat hartzeko aukera edukitzeko, hots, kontziliazioa delakoa erreala eta eraginkorra izan dadin, nahitaezkoa da gizonak lan horretan parte har dezan ahalbidetzea, emakumezkoaren neurri berean, berdintasuna erabatekoa izan dadin batak eta besteak norberaren bizitza duin eta osoari eusteko moduan.

Hortaz, etxeko bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko balioko duten neurri guztiak, jendarte osoaren mesederako izateaz gain, ezin baita esan gabe utzi denbora-faktoreak egun duen garrantzia, esaterako, haurrak hezteko -eta etorkizunean itzetik hortzera dauden jokabide eta arazo sozial asko erauzteko-, ongi etorriak eta pozgarriak dira.

Honenbestez, ulergaitza egiten zait legea 2011ko urtarrilean sartzea indarrean. Ezinezkoa erabaki honek izan dezakeen arrazoia aurkitzea. Patxadak, kasu honetan, ez baitu ez hanka ez bururik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo