GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fito Rodriguez Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle

Komeriak

Euskal Herrian Espainiak darabilen bortxaren gaitzespena nekez etorriko da, baina, halere, ezin izango dute independentziaren bidea ekidin ezta horrela ere

Berriro ere atxiloketen berriak betiereko itzulerara garamatza? Arnaldo Otegi, Rafa Diez, eta haiekin batera atxiloturiko beste lagunak aspaldidanik Euskal Herritik urruneko kartzeletan urteak egin dituzten gainerako eragile politikoen patura kondenatuko dituzte berriz? Epaiketa egin gabe lau urte giltzapean eduki ondoren, auzitegi espainolek behartuta askatu zuten Rufi Etxeberria giltzaperatuko dute berriro inpunitate osoz?

Zer-nolako komeria latza da hau?

Herri Batasunaren Mahai Nazionalekoak ere kartzelatu zituzten eta bi askatasun urte ebatsi (inoiz ere itzuliko ez dizkietenak...). Orduan, Auzitegi Gorenaren ebazpenaz, haiek askatzea beste biderik geratu ez bazen ere, orain, berriro, beste bi urte paseak dira honezkero Herri Batasunaren Mahai Nazionalekoak atxilo daudela, epaitzeke.

Udazkenean, 1957an baina, paraxutista frantziarrek FLNko (Nazio Askapen Frontea) buruzagiak preso hartu zituzten Aljerren. FLNk erabili ohi zuen borroka armatuaren aurkako ekimen militarrez gain, aljeriar independentistek sustaturiko bide baketsuez ere (greba orokorraz) jakin zuen profitatzen Philippe Mathieu teniente koronelak. Horrela, politikoki eta gizarte mailan independentziaren aldeko zaletasuna agertu zuten guztiak kontrolpean jarri zituen, eta behar izan zuelarik, atxilotuz joan zen tantaka... Independentismoaren aurka Mathieuk zuzendutako jazarpen bortitzagatik (epaiketa gabeko atxiloketak, torturak, alderdi politikoen ilegalizazioa eta abar...) Nazio Batuen Erakundeak Frantzia behar bezala salatuko zuelakoan, FLNk ekintza armatuen menia eman zuen gizarte-borroka lehenetsiz... NBEk, aldiz, «bakezko irtenbidea itxaron zuela» inor mindu gabe (Frantzia, are gutxiago... jakina) agertarazi, eta Aljeriaren independentziarako eskubideaz ezertxo ere azaldu barik, Mathieuren metodoak deitoratzea saihestu zuen diplomatikoki.

Esan bezala, aljeriarren independentziarako eskubidea gauzatzeko bidea, ez armak eskuan, ez haiek alboraturik, ez zuen nazioarteko inongo erakundek onartu, eta Frantziak, berriz, 1957ko udazkenerako FLNko buruzagi guztiak (ideologoak, politikoak eta ekintzaile armatuak) atxilotuta zituen.

Bost urte pasa ondoren (1962an) Aljeriak independentzia erdietsi zuen.

Eta ez hori bakarrik, haren kontra aritutako Frantziako IV. Errepublikak hondoa jo zuen bete-betean, eta estatu antolaketa berriari ekin behar izan zioten ez aljeriarrek bakarrik, baita frantziarrek ere.

Orain begi bistakoa izan arren Aljeria ez dela Frantzia, ezin esan duela berrogei urte hori horren argi zegoenik. Frantses legeak 1830etik aurrera zeuden indarrean Aljerian (lege espainiarrak Euskal Herrian, Karlistaden garaitik, garai bertsutik), eta handik independentzia eskuratu bitartean, ekonomia nahiz politika Frantziako interesen arabera antolaturik izan ziren. Irakaskuntzan ere, belaunaldi asko kulturaz frantsestuak izan ziren, frantsesez noski, eta nahiz eta 1947tik Frantziak Aljeriari Autonomia Estatutua onartu, direnak eta ez direnak erabili behar izan zituen kolonia izandakoaren independentziarako bidea oztopatzeko (gerra zikina, Estatuko prentsaren kolaborazioa, frantziar alderdi politiko guztien lerratzea -ezkertiarrak barne- Frantziaren aldera, salbuespen lege bereziak, eta abar).

Frantziak, baita bere «kolabo»ek, jakina, aljeriar independentismo oro terroristatzat hartzen zuten. Eta ustezko terrorista haien lagunak (Jean Paul Sartre, kasu) ere gaitzetsiak bezain jazarriak izan ziren bidegabeki... harik eta 1957ra iritsi arte, zeinean haiek guztiak kartzelan zeuden, edo erakunde politikoetatik baztertuak.

Baina bost urte geroago Aljeria independentea zen eta Frantziako egitura politiko osoa, aldiz, hankaz gora.

Herri batek nazio kontzientzia hartzen duenetik aurrera denbora kontua besterik ez baita. Nazioa «lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntzaren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizakien gizarte naturala» dela esanez definitu zuen P. S. Mancinik («Sobre la nacionalidad», 1985) eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Horrela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu; eta beraz, lurraldez estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio. Nazionalismoa da, logika hutsean, subjektu nazional eta eskubidedunaren kontzientzia hori garatzeko politikoki lan egitea aldarrikatzen duen ideologia. Ildo juridiko-politiko horretan, bada, nekez izan liteke nazionalista izatea sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan estatuaz aske izatea galarazten bazaio.

Bortxaz da borroka bidezkoa ez izan arren. Nazio Batuen Erakundeak ez zuen Frantziaren indarkeria gaitzetsi Aljerian 1957an eta Frantzia gailendu zen... beste bost urte bitartean Aljeriaren independentziara heldu arteraino.

Euskal Herrian Espainiak darabilen bortxaren gaitzespena nekez etorriko da, baina, halere, ezin izango dute independentziaren bidea ekidin ezta horrela ere.

Tragedia honen istorioak errepikatzen badira ere, edo horrexegatik hain zuzen, ez baitira berriak eta, honezkero, ezagutzen baititugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo