GARA > Idatzia > Mundua

Pakistanen etxetik ihes egin dute milaka lagunek lurreko eraso baten beldurrez

Pakistaneko Armadak Hegoaldeko Waziristanen kokatuta dauden talibanei une batetik bestera eraso egingo dien beldur, 90.000 lagun baino gehiagok utzi dute zonaldea abuztutik hona. Iheslari horiek helburu bakarra dute: bizileku seguruagoa aurkitzea.

p020_f01_148x116.jpg

GARA |

Al-Qaedari lotutako talibanen aurka Islamabadeko Gobernuak iragarritako lurretiko oldarraldiaren beldurrak jota, 90.000 zibil baino gehiagok ihes egin dute abuztuaren hasieratik Pakistaneko ipar-mendebaldean kokatutako Hegoaldeko Waziristan eskualdetik.

Talibanek lau atentatu egin dituzte aste honetan Pakistanen, eta, ondorioz, Armadak Hegoaldeko Waziristaneko lurreko operazioa «berehala» hasiko duela iragarri du. Aurrekari gisa, hegazkinekin erasoak egiten hasita da Armada ekainetik. Egoera ikusita, eskualdean bizi diren lagunen exodoak nabarmen egin du gora azken egunotan.

Shahab Ali Sha Hegoaldeko Waziristan barrutiko administrazio buruak nabarmendu duenez, «90.000 biztanle inguruk alde egin dute eskualdetik Dera Ismaïl Khan edo Tank bezalako lurralde seguruetara». Izan ere, iturri berak aditzera eman duenaren arabera, Afganistango muga inguruan dabiltzan talibanen feudo nagusia da Hegoaldeko Waziristan.

Tank barrutiko administrazio buru Amir Latifek gaineratu duenez, «atentatuen eraginez jende gehiagok erabaki du ihes egitea. Gertatutakoa ikusita, militarren oldarraldi baten beldur dira herritarrak». Hala ere, errefuxiatu kopuru zehatzik ez zuen eman Latifek. Orotara, Hegoaldeko Waziristanek 600.000 biztanle inguru ditu.

Armadaren erasoaren beldur izateaz gain, bestelako arazoak ere badituzte herritarrek. «Soldaduek errepide guztiak itxi dituzte eta janari eskasia dago, horrexegatik ihes egiten dute biztanle gehienek», azaldu du etxea iragan igandean utzi zuen Mohammad Hashim Khanek.

Iritzi kontrajarriak

Pakistaneko Armada ekainean hasi zen talibanen aurkako aire erasoak egiten, baina joan den igandean berrikuntza garrantzitsu bat izan zen. Izan ere, lehen aldiz, talibanen aurkako lurreko erasoa «berehalakoa» izango dela adierazi zuen Islamabadeko Gobernuak.

Lurreko eraso baten inguruan iritzi kontrajarriak dituzte adituek. Batzuen iritziz, Pakistaneko Armada ez dago prest horrelako eraso bat burutzeko eta bere burua sarraski batera eramango du, menderatzen ez duen inguru batean milaka talibani aurre egin beharko baitio. Ingurua oso menditsua dela eta horrek tanke eta artilleria unitateen garraioa zailduko duela ere nabarmentzen dute. Beste batzuen ustez, aldiz, Pakistaneko Gobernuak ez du beste aukerarik talibanek iragan asteburuan Rawalpindiko Koartel Nagusiari eraso egin ostean.

BONBARDAKETAK

Hegoaldeko Waziristanen aurkako bonbardaketa gehiago izan ziren atzokoan eta, Armadaren arabera, hamar bat miliziano hil ziren. Pakistaneko Armadak soldadu gehiago bidali ditu zonaldera.

TROPA GEHIAGO

Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroak Afganistanera beste 500 soldadu bidaltzea onartu zuen atzo. Erabakia betetzeko, baina, gainontzeko aliatuek gauza bera egitea eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo