Autonomia Kolektiboak uste du «abertzaleek arduraz jokatzeko unea» dela
Ipar Euskal Herrirako zein Estaturako «zirt edo zart egiteko tenorea» delakoan, Autonomia Kolektiboak estatus horren eskakizuna plazaratzeko «une aproposa» dela uste du. Larunbatean batzarra egingo du Kanbon.
Arantxa MANTEROLA |
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako «autonomiaren alde egitea inoiz baino egokiagoa» dela, eta bide horretan «abertzaleek arduraz jokatzeko» duten erantzukizuna nabarmendu zuten Autonomia Kolektiboko kideek atzo Baionan.
Joera askotariko abertzalez osatutako Kolektiboaren ustetan, «bai Ipar Euskal Herrirako, bai Estaturako, zirt edo zart egiteko tenorea» den honetan berebiziko garrantzia du «autonomia» kontzeptuaren gizarteratzeak. Filipe Aramendi zinegotzi urruñarrak eta Maite Goienetxek argi utzi zuten, Parisek ezarritako tresnek (Garapen eta Hautetsien kontseiluak) ez dutela balio izan bertako erronkei erantzuteko, eta abian jarri berri duten `Pays Basque 2020' eta gisako planekin «erantzun eraginkorrik gabeko ziklo berria» irekiko dela «botere legegile eta betearazlerik» ez dutelako.
AHTren bide berriaren proiektuarekin gertatzen ari dena jarri zuten adibidetzat: «Eskuduntza horiek bagenitu, eztabaida ez zen egungo eran planteatuko».
Une aproposa
«Estatuak bere erakundeak eraldatzeko lege proposamena aurkezteko atarian gaudela, badirudi, berriro ere, gure lurraldeari inolako ezagutzarik ez zaiola aitortuko», jarraitu zuten, Ipar Euskal Herriak «makroegitura batean urtzeko» duen arriskuaz oharturik. Horiek horrela, autonomiaren eskakizuna plazaratzeko «une ezin aproposagoa» dela uste dute.
Xede horrekin, informazioa eta argibideak ematen jarraitzeko asmo irmoa du Kolektiboak. Horretarako, larunbat goizean, 9.30ean, batzarra egingo du Kanboko Larrazkena aretoan eta azaroaren 14rako mitina prestatzen ari da Azkainen. Ekimenok dinamika iraunkor baten abiatzea direla eta, abertzaleei ez ezik, herritar guztiei ere zuzenduak daudela gaineratu zuten.