«Izan dadila, ez niri bakarrik, euskaldun guztioi zabaltzen zaigun ate bat»
Espainiako narratiba saria
«Bitartean heldu eskutik» poesia liburua izan zen Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) aurkezpen lana eta aurten eleberrigintzara egin du salto «Bilbao-New York-Bilbao» lan berritzailearekin. Apirilean euskarazko eleberri onenaren Kritikaren Saria jaso zuen. Atzo, berriz, Estatu espainolean argitaratutako liburu onena izendatu zuten.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Goizeko 10.30ak aldera jakin genuen sariaren berri eta arratsaldeko zazpiak arte ez genuen berarekin hitz egiteko modurik izan. Egun pozgarria baina neketsua izan zen atzo Kirmen Uribe ondarroarrarentzat. Ez da egunero jasotzen Espainiako Narratiba Saria.
Ezer baino lehen, zorionak sariagatik.
Eskerrik asko. Sari garrantzitsua da. Konfiantza handia ematen du, norberaren lana kanpoan ezagutarazteko aukera eta lanean jarraitzeko aukera. Azkenean idazleak behar du denbora bere proiektuak aurrera ateratzeko eta honek horretarako aukera emango dit. Izan dadila zabaltzen zaigun ate bat, ez niri bakarrik, baizik euskaldun guztiei.
Kuriositatez, zenbatgarren elkarrizketa duzu hau?
Hogeigarrena agian... eta oraindik biharko gelditu dira batzuk. Gaur uste dut beste pare bat dauzkadala, baina etxekoekin afaltzea espero dut.
Angeles Gonzalez-Sinde ministroak berak deitu omen dizu telefonoz.
Berak eman dit berria! Eguerdian deitu dit eta nik ezin nuen sinetsi. Poz handia hartu dut, egia esan.
Apirilean eleberri onenaren Kritikaren Saria jaso zenuen, orduan euskarazkoen artean. Hau pauso bat gehiago dela esango zenuke?
Hau pauso handia da. Kritikaren Saria ere estimatu nuen, euskaraz lan onak idatzi baitira aurten. Baina hau estatu mailako saria da, oso lan onak zeuden mahai gainean, autore ezagunenak. Gaztelaniazko itzulpena irakurri duten horiek liburua onartu dutela eta nire alde egin dutela jakiteak poz handia ematen du.
Bernardo Atxagaren «Obabakoak» (1989) eta Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» (2002) izan dira orain arte euskaraz idatzitako eleberri batekin sari hau lortu dutenak. Zer sentitzen da «podiumera» igota?
Poz handia. Gogoratzen naiz Atxaga saritu zutenean. Orduan 17 urte nituen eta aurretik irakurrita neukan «Obabakoak». Begira zenbat aldatu den euskal literatura ordutik hona, zenbat hazi garen, zenbat liburu on atera diren... Gauza bera gertatzea nahiko nuke. 17 urteko gaztetxo bat nire liburua irakurtzen egotea eta gerora saria jasotzea.
«Bilbao-New York-Bilbao» liburuan apustu handia egin zenuen, batez ere, egitura berritzaile baten alde. Arrisku hura hartu izanak orain dakar bere uzta?
Uzta hasiera-hasieratik jaso zuen, irakurleek ondo hartu baitzuten. Egitura berezia izan arren, liburuak berak eraman egiten zaitu. Badu barruko indar bat, irakurlea harrapatu egiten duena. Nahiz eta, teorikoki, gauza berritzailea izan, badu beste indar hori. Sari honek beste bigarren irakurketa hori egiten lagunduko du, irakurketa teknikoago bat. Mundu mailan gero eta nobela gehiago idazten dira horrela: egileak berak parte hartuta nobelaren barruan, sare egitura erabilita... Banekien olatu hau iritsiko zela hona ere eta, azkenean, ematen du iristen ari dela.
Apirilean, Kritikaren Saria jasotakoan, «liburuak ibilbide luzea egingo duen taupada bat» zeneukala esan zenigun. Ibilbide hori abian da?
Ibilbidea Durangoko azokan abiatu zen. Ibilbide luzea ikusten nion liburuari eta sari honek nire uste edo taupada hori konfirmatu egin du. Orain beste hizkuntzetara itzultzea nahiko nuke. Azkenean, egiten dudana Euskal Herriaren ikuspegi bat ematea da. Jakin dezatela gure herriaren berri kanpoan ere.
Zertan dira itzulpen horiek?
«Bitartean heldu eskutik» poema liburua itzulita dago jada ingelesera, frantsesera eta gaztelaniara. Orain katalanera eta errusiera moldatzen ari dira. Nobela, berriz, gaztelaniaz itzulita dago, baina oraindik argitaratu gabe, eta ingelesekoarekin ere ari dira. Datarik ez dago baina gaztelaniazkoa uste dut laster argitaratuko dela. Sariak ere horretan lagunduko du. Ingelesekoari ere bidea erraztuko dio.
Larunbat honetan berriro ikusiko zaitugu «Bar Puerto» ikuskizunean.
Oso polita da, «Bar Puerto»rekin hasi bainintzen pixka bat serio poesiaren munduan. Eta oso polita lehenengo emanaldi hartatik juxtu hamar urte betetzen direnean eta berriro ere taularatzera goazenean, aste berean, sari hau etortzea. Alde batetik, jatorrira buelta egitea izan da, eta bestetik, bidea erakutsiko didala uste dut.
Eta bide horretan zer?
Denetarik. Niretzat idaztea ofizioa da. Ez dut nire burua poeta edo nobelagile lez ikusten. Idazle bezala ikusten dut. Idatziko ditut poemak, saiakerak eta idatziko ditut nobelak. Baina oraindik gauza jakinik ez.