Kirmen Uribe, Txomin Agirreren bidea nazioartera luzatu duen ondarroarra
Txomin Agirre ondarroarrak duela mende pasatxo eleberri kostunbristak idatzi zituen, bizimodu bati, euskal munduari lotuak. Ordutik bide luze eta emankorra egin du euskal literaturak, eta ez da falta horren erakusgarririk. Besteak beste, Agirre baino mende bat geroago jaiotako beste ondarroar bat, duela urtebetetsu halaber euskal munduari lotutako eleberria idatzi zuena. Ordura arte, Kirmen Uribe poesiari lotutako deitura zen, Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere. Eta haren eleberrigintzak ere, bere poesiagintzak bezala, nazioarteko aitortza lortu du, «Bilbao-New York-Bilbao» liburuagatik Espainiako Narratiba Saria eskuratuta. Txomin Agirrek eta beste hainbatek urratu zuten bide neketsu eta gogoz landuari eutsita, bere herriari, bere bizitzari lotutako gaiak unibertsalak direla erakutsi du Uribek. GARAri esan zionez, hainbat irakurlek liburuaren orijinaltasuna azpimarratu diote. Baina orijinaltasun hori dagoeneko, eta zorionez, ez datza beste ondarroar idazle haren garaian bezala euskaraz idazte hutsean, estiloan baizik. Eta emaitza bistan da. Poesiak Bilbo eta New York arteko bidean jarri zuen Uribe, eta hegazkinetik kontatu zuen bere herriari begira ikusi zuena.