Derbia
Partida «beroa» Gasteizen, Huertasek kide ohien aurka jokatuko duena
CAJA LABORAL-BIZKAIA
A. G. | GASTEIZ
Bilbao Basket ACB Ligara itzuli zenetik, bilbotarren eta gasteiztarren arteko derbien tenperatura gorantz joan da beti. Hala, nahiz eta gaur arratsaldekoa denboraldiko bigarren partida besterik ez den, Zurbaoko derbia «beroa» izango dela nahiko garbi dute partaide guztiek, azken urteotako parekotasuna dela-eta.
Caja Laboral Baskonia eta Bizkaia Bilbao Basketen arteko neurketa honi berotasun handiagoa ematearren, gainera, Marcelinho Huertasek bere talde ohiaren aurka jokatuko duen aurreneko aldia izango da gaurkoa.
«Lagun minak dauzkat Bilbon eta agian arraroa egingo zait haien aurka jokatzea, baina partida hasitakoan ez da lagunik izaten. Amaitu ostean bostekoa eman eta kito!», esan du egunotan antolatzaile brasildarrak.
Partida dibertigarria
Pau Ribasek ere gaurkoa izango du lehenengo euskal derbia. Alabaina, Joventuten zegoela Bartzelonaren aurka sarri jokatu zuen, eta esperientzia horretan oinarrituta, halako neurketak oso «dibertigarriak» direla eta motibazioa «berez» datorrela uste du. «Partida ezberdina da, dibertigarria. Halakoetan motibazioa, bai guretzat, bai aurkarientzat, berez etorri ohi da».
Javi Salgado, bilbotarren kapitainak, aldiz, garbi dauka Zurbaoko giroa kontra izango dutela. «Gasteizen ez gaituzte maite eta, urtero bezala, gauzak zail jarriko dizkigute. Saiatuko gara behintzat», esan zuen.