GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Poesia Asteak 50 euskal idazle elkartu zituen atzo, Gabriel Aresti olerkariaren jaiotegunean

Bilboko Poesia Asteak, urtero Gabriel Arestiri eskaini ohi dioten egunean, 50 euskal idazle elkartu zituen, bilbotar olerkariak «Maldan behera» eman zueneko 50. urtemuga gogorarazteko asmoarekin.

p041_f02_097x128.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Poesia Astea ospatzen du Bilbok urrian orain dela hamar urtetik, eta Gabriel Aresti (1933-1975) omendu ohi dute bertan urtero, jaiotegun zuen urriaren 14an. Bilbotar olerkariak «Bizkaitarra» olerkia argitaratu eta «Maldan behera» idatzi zituenetik 50 urte bete direnez, ekitaldi berezi bat prestatu nahi zuten antolatzaileek jardunaldiak hasteko, eta berrogeita hamar euskal idazle gonbidatu zituzten Bidebarrieta Kulturguneko oholtzara, olerkiak errezitatuz idazle bilbotarra gogora ekartzeko.

Edorta Jimenez antolatzaile eta aurkezle lanetan jarrita, 19.30 inguruan hasi zen ekitaldia, idazle gonbidatuak oraindik elkar agurtzen ari ziren bitartean eta apurka-apurka aretoa betez zihoala, tartean Arestiren beraren senideekin.

Jimenezen aburuz, 1959. urtea mugarri izan zen Arestirentzat, eta «euskal literaturan lekua irabazi zuen», «Bizkaitarra» olerki sorta idatzi eta «Maldan Behera» plazaratuta -gure atzean jarrita zegoen emakume nagusi bati «hementxe bertan aurkeztu zuen liburu hori!» ere entzun genion-.

Bost atalez osatutako «Bizkaitarra» 25 urte inguru zituela idatzi zen Arestik, eta «Egan» aldizkarian eman. Urte berekoa dugu «Maldan behera» ere, aurkezlearen irudiz, «gure olerkigintzaren gailurrean» dagoena.

Olerkari txiki andana

Beraz, ekitaldi xume bezain parte hartzaile baten bitartez, «Aresti idazle bihurtu zeneko 50. urtemugan» berrogeita hamar idazle inguru elkartu ziren bertara (izena emana zuten gehiagok ere), Arestiren omenez olerkari maitatuaren olerkiak, edo berak iradoki eta propio ekitaldirako sortutako lanak ozenean emateko.

Eta denak aipatzerik ez dugun arren (ez ziren azkenean izena emandako guztiak agertu, halere), aipa ditzagun ekitaldian entzundako ahots batzuk, berandu baino lehen -omenaldia bera ere bizkor finitu zen-eta, ordu eta laurdenean irakurketak eginda-.

Lehen atalean, «Bizkaitarra» eta «Maldan behera» olerkietako pasarteak irakurri zituzten, besteak beste Leire Bilbao, Irati Jimenez, Joanes Urkixo edo Andres Urrutiak (neskak bikain, irakurketetan). Bigarren eta hirugarren ataletan, batetik `Aresti Hautatua' (idazleek propio aukeratutako olerkiekin) eta `Arestiren Bilbo' eta bestetik `Arestiren Mundua' izendatutakoetan, Joxe Agustin Arrieta, Anjel Zelaieta edo Goizalde Landabaso (bilbotarren sailean) izan ziren irakurle, baita Joseba Agirreazkuenaga, Pedro Alberdi, Txani Rodriguez, Lourdes Unzueta, Juan Luis Goikoetxea, Jurgi Kintana eta beste ere. Euskara nagusi izan bagenuen ere, tarteka «gaztelar erromantzez ere irakurri zituzten poemak», Javier Maurak esaterako.

Atalik politena azkena izan zen, `Arestiren Omenez', olerkaria gogoan hartuta, Alex Oviedo eta Jose Fernandez de la Sota (gaztelaniaz) edo Juanra Madariaga, Toti Martinez de Lezea eta Xipri Alberbide (euskaraz) sortutako poemak azaltzeko. Eta ekimena biribiltzeko, Natxo de Felipek «Emazurtz» kantu ederra abestu zigun. Tartean, gainera, atsedenaldi modura, gutizia txiki bat ere izan genuen, Aresti berak itzulitako Boccaccioren Dekameroneko ipuin xelebre bat antzeztu zuen Mikel Martinezek, iluntzeko unerik distiratsuenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo