Iratiko basoko thriller batetik jubilatuz beteriko irla galdu batera
A. A. | DONOSTIA
Misterioa eta suspensea dira nagusi Alberto Ladronen (Iruñea, 1967) laugarren eleberrian. Duela hiru urteko «Arotzaren eskuak» bere azken eleberriko bidea jarraitu du. «Irakurlea lehen orrialdetik harrapatzen saiatzen naiz eta horretarako argumentua erabiltzen dut», azaldu zuen idazleak atzo Donostian.
«Ahaztuen mendekua» (Elkar) thriller-a, Iratiko basoan kokatzen da. Bikote bat eztabaidan hasiko da, mutilak beste gizonezko batekin harremanak dituela deskubrituko baitu neskak. Liskarraren ostean, bakoitzak bere bidea hartuko du, baina neska desagertu egingo da. Foru Poliziak bilaketa hasiko du, baita Oskar mutilak ere, hilketaren errudun joko duten beldurrez; bere amorantea izango du lagun bilaketa horretan. «Kontu ilunak agertuko dira, gaur egunekoak eta iraganekoak. Pertsonaia guztiak saiatuko dira guztiak engainatzen eta, ni, horien bidez, irakurlea engainatzen saiatzen naiz».
Bestalde, jubilatu talde robinsoniar bat aukeratu du Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) «Urperatze handia» (Elkar) eleberrirako. «Obsesio berezi bat daukat jubilatuekin, fikzioan jokorako bidea eskaintzen didate», azaldu zuen, «gaiztoa naiz beraiekin baina errukitsua ere bai».
Muturreko egoera batean jarri ditu Linazasorok, irla batean galduta. «Nere betiko kezkak azaltzen dira, komunikatzeko ezintasuna, ezjakintasuna, ezintasuna...». Elkarrizketa bizi-biziekin, ironia eta umorearen ukitu guztiak uztartuko ditu. «Norbaitek hitz egiten duen bakoitzean astakeri bat botatzen du». Idazleak adierazi zuenez, «alegoria beldurgarri bat da, baina umore ukituekin». Egoera absurdoekin barre eginarazten duten solasaldiak.