GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Antzezpenaren porrota

Ameriketako Estatu Batuek hauteskundeak derrigorrean eginarazi dituzte, ez Afganistango herritarren benetako irizpideak ezagutu eta baliarazteko, baizik beranduegi gabe erretiratzea zilegituko liekeen estrategia martxan ipintzeko

Afganistango hauteskundeen komeria azken ekitaldira iritsi da, eta emanaldiaren arrakasta neurtzeko betekizuna duenak ez dauka duda-mudatan ibiltzeko aukera handirik. Zer esan daiteke ikusleok, hau da, okupazio indarren metropolietako zergadunok, drama baten aurkezpen-korapilo-amaiera zirraragarrira gonbidatu gaituzten irudipenarekin sartu eta komeria baldar bat ikusi dugun konbentzimenduarekin ateratzen garenean? Bada ederra egin dutela antzezleek!

Publikoaren aurreko porrota baino okerragoa, hala ere, azken oihalaren atzean geratzen den horixe izan daiteke: antzezleek seriotan hartu dutela tragikomediaren libretoa, eta han suertatu zaien paperari katigaturik geratzen direla luzarorako. Porrota gaiztotu eta biderkatzeko.

Bi hilabete luze behar izan dituzte nazioarteko begirale burutsuek hauteskundeen behin-behineko emaitzetan iruzur ikusgarria barneratzen zela ebazteko. Karzaik erdietsitako «gehiengo osoa» ez dela garbia ez ametigarria, alegia. Baina bi hilabete behar ote dira bozketak egin aurretik munduaren beste puntako inozoenak ere bazekiena, eta hauteskunde egunean edonork ikusi ahal izan zuena, egiaztatzeko? Ez, noski: okupatzaileen begiraleei bi hilabete hauek joan zaizkie euren lepoari lotu zioten soka horren korapiloa askatzeko gauza zirela sinetsi nahian. Eta azkenean aitortu behar izan dute, gainera, ez dagoela hori askatzerik. Karzai bizirik eta agintean duten bitartean behintzat.

Lehen ere hauteskundeak abuztuan zergatik egin behar izan zituzten gogoratu besterik ez zuten: Karzaik halaxe exijitu zielako. Urte sasoiak, eta haien araberako eguraldiak, ez direlako txantxetan hartzekoak Afganistanen. Ezta ere inpartzialak. Gerra ere geldiarazten duen neguak, esango didazue ea ez ote dituen galaraziko hauteskundeak! Orain negu hori hasten ari da eta laster herrialdeko landa-lur gehienak, baina batez ere paxtu etniako herritarren gehiengoa bizi deneko mendialde eta ibar barrenak, isolatuta geratuko dira udaberrira arte. Horrela, bigarren itzulia egitekotan, «Karzai metodoaren» arabera egin beharko litzateke dena ezinbestez: hautestontziak hiriburuetako bulegoetan betez. Zergatik ez onartu orduan iragan abuztuko antzezpenaren emaitza?

Komeriaren benetako gakoa ez datzalako eskrupulu moraletan, edota bikaintasun politikoan. Denbora eta pertsonaiak dira arazoa. Ameriketako Estatu Batuek (Bush nahiz Obama administrazioek kalkulu bertsuarekin jokatu dute endredo honetan) hauteskundeak derrigorrean eginarazi dituzte, ez Afganistango herritarren benetako irizpideak ezagutu eta baliarazteko, baizik haien bitartez partner itxuroso bat lortzeko, aurrerantzean garatu nahi duten afganizazio politikaren zamaria izan dadin. Hau da, beranduegi gabe, erretiratzea zilegituko liekeen estrategia martxan ipintzeko.

Agian Washingtongo memeloren batek deliberatu zuen antzezpenaren giroan sartuta Karzaik ez zuela eragozpen berezirik ipiniko mutis egin, erretiroa hartu eta aulkia beste bati uzteko. Bejondeiola! Denborak behingoz bere alde jokatzen duela jabetzeko gai ez balitz bezala hura. Nagusi eta morroien arteko harreman komeria bat zela iritzita arituko ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo