GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egokiena ofizialtasuna bada ere, legea urrats bat izan daiteke»

p014_f01_97x156.jpg

Xabier Mendiguren
Kontseiluko idazkari nagusia

Deiadar plataformaren lehen deialditik hogei urte igaro direnean, euskararen aldeko beste manifestazio bat antolatu du, Parisek estatus egokia aitortu, eta agindu bezala, hizkuntza gutxituei «lege-geriza» eman diezaiola eskatzeko. Aldarrikapen bera egingo dute Carcasonan (Okzitania) eta Carhaix-en (Bretainia).

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Deiadar» manifestazioan karrikaratuko diren aldarrikapenez zehaztasunak eman ditu Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza gutxituentzat lege bat eskatzeko manifestazioa izango da urriaren 24an, Baionan. Bi aldarrikapen hauek osagarriak al dira?

Gaur egun euskarak ez du egokia den estatusik. Estatu frantsesak egin berri duen moldaketarekin ondare izendapena eman dio, baina horretan geratu da. Horrek esan nahi du ez duela eskubiderik aitortzen; egiten duena da altxor moduan, museo batean dagoen irudi estanko baten moduan ezarri. Ofizialtasunarekin estatus egokia aldarrikatzen dugu; hau da, gainerako herrietan bertako hizkuntzak duen estatus berbera izatea euskarak. Horrek ahalbidetuko luke euskaraz bizitzea, hizkuntza eskubideak bermatzea eta hori babestuko duen marko juridikoa sortzea. Frantses estatuak legea egitea hitz eman du. Lege hori euskarak behar duena ez izatearen arriskua dago eta horregatik eskatzen dugu aldarrikapen hori ozen egin dadila, kalean. Aurretik ere ikusi izan da herritarrek aldarrikapenak ozen egiteak emaitza positiboak ematen dituela gauzak lortzeari begira. Euskarak estatus eta lege egokia behar ditu, euskararen normalizazioa ahalbidetuko duen hizkuntza politika gauzatzeko.

Plazaratuko dituzuen eskaeren artean, legearen edukiak ez duela izan behar «gaur egun egiten diren gauza apurretara mugatua». Aitortza ofizialik ezean, lege batek ahalbidetu al dezake hizkuntza politika eraginkorra?

Egoera ideala ofizialtasunaren aitortzatik dator. Dena den, orain arte Estatuak hizkuntza gutxiagotuekiko izan duen jarrera kontuan izanda, urrats bat izan daiteke. Baina ezin dugu ahaztu hori ez dela euskarak behar duena. Osatuko den legeak koadro juridiko egokia finkatu beharko du eta hizkuntza politika egokia definitu beharko du, murriztailea izanen ez dena.

Parisek Hizkuntza Gutxituen Karta sinatzeari uko egiten dio; ofizialtasunari, zer esanik ez. Ez ditu kontuan hartzen hizkuntza eskubideen babeserako nazioarteko erakundeek emandako gomendioak, eta orain Mitterrand ministroaren ordezkariak erran berri du ez dela legerik izanen. Iritzi hori aldarazita ere, Konstituzioaren moldaketarekin iaz egin bezala, itxura hutseko legea egiteko arriskua ez al dago?

Baionan irailaren bukaeran egindako hizkuntza gutxituei buruzko jardunaldietan, konstituzio aldaketa izan da eztabaidagai nagusia. Bildutakoek ez zuten lortu aldaketaren inguruko irakurketa bateratua egitea. Zehaztasunik ezak agerian uzten du aipuaren ahultasuna. Izan ere, bi aldeetako iritzi juridikoak plazaratu dira: bai ondareak hizkuntzaren berreskurapenari ateak zabaldu ahal izango dizkiola, bai guztiz kontrako iritzia. Hartara, aditu juridikoak bildu dituen foroan 75-1. artikuluaren ondorio juridikoak bateratu ezin izanak artikuluaren ahultasuna berretsi besterik ez du egiten. Ondare izendatu izanak eskubideen sorrera urteetan atzeratzea ekar dezakeela ere adierazi zuen partaideetako batek (Lecuq). 75.1. artikuluaren helburu nagusia komunikatiboa dela ondorioztatu da: herri mugimendua baretzeko eta Europako presioei erantzuteko, gaur egun oso bakarrik agertzen delako hizkuntza gutxiagotuen kudeaketa ereduan. Horrez gain, frantses Estatuaren mespretxua pairatu behar izan dugu. Batetik, legearen inguruko isiltasuna zela, eta ondotik, jardunaldietan hitza hartzera etorri behar zuen North jaunaren absentzia eta, berriz ere, isiltasuna dela, Luc Chatel Hezkuntza ministroaren hanka-sartzea izan dela (lege proposamenaz hitz egin du lege proiektua izan behar zuelarik,) eta oraingoan, Mitterrand ministroaren ordezkariaren adierazpenak direla. Atzerapausoak dira, mespretxua besterik ez.

Lege baten beharra auzitan ezartzea ez da onargarria, eta ongi dakigu, Toubon legearen artikuluak aitzakia hartzen baitira gurea bezalako hizkuntzen kontra egiteko. Lege bat beharrezkoa da, ez daiteke atzerapausorik onartu eta lege horrek euskararen beharrak ase behar ditu.

Beraz, Konstituzioaren moldaketa bera itxurazkoa baldin bada, frantses Gobernuaren jarrera nolakoa den ikusirik, legea ere itxurazkoa izateko arriskua badago. Arrazoi horregatik mobilizatzeko garaia dela aldarrikatzen dugu.

Zer gutxiengo beharko lituzke legeak onargarria izateko?

Kontseiluak aspaldi definitu ditu bete beharreko minimoak. Legeak estatus egokiaren hutsunea bete beharko luke. Hezkuntza sistemak, gainera, belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu, baita goi mailako ikasketen eskaintza egin ere. Horretaz gain, administrazioa eta horren zerbitzuak euskaldundu behar dira; alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bideak eskaini; gizarteko beste alorrak (aisia, kirola, hedabideak, kultura, eta abar) euskaldundu; nabarmen handitu behar dira bai diru baliabideak, bai baliabide administratiboak eta bai giza baliabideak; eta azkenik, helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio.

Euskararen Erakunde Publikoa sortzeak nolabaiteko onarpen ofiziala eman dio hizkuntzari, baina euskalgintzatik bertatik egitura horren mugak eta eskumen eskasak salatzen dira behin eta berriro. Ez al da benetako neurri eragingarriak hartzea saihesteko ezarritako egitura bat?

Lehenik eta behin gogoratu behar dugu ez diola aitortza ofizialik egiten. Gure ustez, euskararen normalizazioaren alde ari den edozein tresna ekarpen positiboa da, baina euskararen alde izateak ez dakar nahitaez eraginkorra izatea. Hizkuntza politika eraginkorrak epe eta helburu zehatzak behar ditu, bitartekoz ongi hornitua izan behar du, gizarteko sektore guztietara iritsiko dena, administrazio nagusitik toki administraziorainokoa, hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua duena, ikuspegi osokoa, lurralde hizkuntzaren erabilera sozial normalizatua helburutzat hartuko duena, eta sail-artekoa, hizkuntza ez baita kulturaren azpiatal bat, komunikazio tresna baizik.

Max Brisson, EEPren lehendakariak, manifestaziora joateko asmoa agertu die euskalgintzako eragileei, eta hori ez da ohikoa. Joango balitz, batez ere Gobernuko ordezkariak egindako adierazpenen ostean, nola interpretatuko zenuke?

Gaur egun legerik eta estatusik ez egoteak EEPk bideratzen duen hizkuntza politikari ere ez dio inolako babesik ematen. Borondatearen gainean oinarritzen den hizkuntza politika da eta borondateak ez du ekartzen euskararen normalizazioa. Jardunaldietan Brisson-ek borondate politikoaren garrantzia azpimarratu zuen, eta, ikus daitekeenez, bi abiadura ditugu, bi jarrera. Parisen borondate eza, tokiko hautetsien borondatearen aurrean. Brisson manifestazioan agertzeak EEPk berak legea eta estatusaren beharra badela aitortzearen keinua litzateke batetik, eta bestetik, tokiko hautetsiek Parisi igorri behar lioketen mezuaren isla, hots, Parisek bere jarrera aldatu behar duela eta tokiko eskakizunak errespetatu behar dituela.

 

ARRISKUA

«Lege hori euskarak behar duena ez izatearen arriskua dago, eta horregatik eskatzen dugu euskararen aldeko aldarrikapena ozen egin dadila, urriaren 24an, 17.00etatik goiti, Baionako kaleetan»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo