Gorka Moreno Marquez EHUko Gizarte Langintza UEko irakaslea
Gizarte politikak, zaurgarritasuna eta Hiritartasun Oinarrizko Errenta
Hiritartasun Oinarrizko Errentak hiritarren gutxieneko diru-sarrera batzuk era subjektibo eta unibertsalean bermatzearen aldeko apustua egiten du Gizarte-politika zein ongizate estatuaren inguruko eztabaidetan Hiritartasun Oinarrizko Errenta tresna eta ideia interesgarri bezain erabilgarria izan daiteke
Populazio osoari gutxieneko baliabide materialak bermatzea ongizate estatuaren oinarrietakoa izan da eta bada gaur egun ere. Historian zehar, helburu hau enplegua eta honen ondorioz ematen diren gizarte-prestazioen bidez -langabezi diru-laguntzak, pentsio kontributiboak eta abar- gauzatu dira. Baina enpleguaren munduan azken urte hauetan ematen ari diren aldaketen ostean, lehen honek eskaintzen zituen bermeak ahuldu dira, gehienbat enpleguaren prekarizazioaren ondorioz.
Horrela, bada, gero eta talde gehiago dira enpleguak osoki zein partzialki eskaintzen zuen gizarte babesetik at gelditzen direnak.
Beste era batera esanda, gure gizarteetan azken urte hauetan sortzen ari diren pitzaduren aurrean gaur egungo gizarte-politikak ez dira erantzun egokiak ematen ari, gehienbat gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatzerakoan. Errealitate honen adibide dira, besteak beste, gazteria, lan-merkaturatzeko arazoak dituzten pertsonak edota adinekoak, azken kasu honetan alargunen kasua nabarmentzekoa izanik.
Tendentzia honen beste erakusgarria, orain dela gutxi langabezi prestazio eta subsidioa agortu duten pertsonentzako Estatu mailan onartu den ezohiko laguntza da. Neurri honek, era zuzenago edo zeharkako batez, gaur egungo gizarte babes sistemak zenbait zonalde ilunetara ailegatzeko dituen arazoen onarpena baino ez da.
Baina horretaz gain, politika hauen ahultasuna erakusten duten beste neurri batzuk ere topa daitezke, era partzialean eta harremanik gabe martxan jarri direnak. Horien artean, adinekoentzako diru-sarrerak bermatzeko prestazioa, gazteentzat eskaintzen den emantzipazio errenta edota gutxieneko diru sarrerak bermatzeko politikak azpimarra daitezke.
Horrelako testuinguru batean, ongizate estatuan nagusi izan direnen gizarte-politiken inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa da, are gehiago krisia nagusi den momentu hauetan. Zentzu horretan, Hiritartasun Oinarrizko Errentak, hiritar guztientzat baldintzarik gabe ematen den izaera unibertsaleko prestazio ekonomikoak, zeresana izan dezake eztabaida hauetan guztietan. Gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko erkidegoko gaur eguneko errentarekin -lehen oinarrizko errenta- antzerakotasunak dituen neurria bada ere, Hiritartasun Oinarrizko Errentak hiritarren gutxieneko diru-sarrera batzuk era subjektibo eta unibertsalean bermatzearen aldeko apustua egiten du, osasuna edota hezkuntza bezalako eskubideen parean jartzen duelarik diru-sarrera duin batzuk izatearena.
Lehenengo momentu batean ideia iraultzailea eta bideragarritasunaren arloan arazoak izan ditzakeena dela pentsatu arren, ongizate estatuaren ardatza kontutan hartzen badugu Hiritartasun Oinarrizko Errenta honen filosofiaren erdian aurki daitekeela ikusten da. Izan ere, gutxieneko material batzuk bermatzearen ideiak bat egiten du erabat gizarte-politiken inguruko diskurtso zein praktikekin.
Era berean, helburu honetara zuzentzen diren eta gaur egun jada existitzen diren hainbat laguntza, subentzio, beka edota prestazioei koherentzia eman diezaieke horrelako proposamen batek. Horrela bada, hauek guztiak batu daitezke, benetan diru-sarrerak bermatzen dituen sistema eraikiz eta zaurgarritasuna zein gizarte-bazterkeria pairatzen duten pertsonengan eragin zuzena sorraraziz. Bestetik ere, hain bogan dauden lanaren eta familiaren kontziliazioa zein mendekotasuna bezalako eztabaidetan argudio eta idei berriak eskain ditzake proposamen honek.
Segur aski Hiritartasun Oinarrizko Errenta ez da epe motzera aplikatuko den neurria, baina honen ezagutza eragile sozial edota iritzi publikoaren artean handitzen eta zabaltzen bada, abiapuntu interesgarria izan daiteke proposamen honen inguruko eztabaida serio eta sendoa abian jartzeko. Honen bidez agenda publikora pasatzeko eta gutxienez etorkizunean martxan jarriko diren politika publiko ezberdinetan eragina izan dezan ideia honek. Laburbilduz, gizarte-politika zein ongizate estatuaren inguruko gaur egungo zein etorkizuneko eztabaidetan Hiritartasun Oinarrizko Errenta tresna eta ideia interesgarri bezain erabilgarria izan daiteke.