GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Eztaibada estrategikoa ezker abertzalean

Larunbateko manifestazioa, jarraitu beharreko eredua

«Errepresioaren aurrean hartu beharreko jarreraren eredu da pasa den larunbateko mobilizazioa», amnistiaren aldeko mugimenduko kideen ustez. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, ezker abertzalearen aurkako operazioan atxilotutakoak eta Amnistiaren aldeko Batzordeetako kideak espetxeratu izanak erakusten du Estatu espainola «kultura demokratikorik gabea» dela, «jarduera politikoan ahula, eta errepresioan zein gerran indartsua».

p004_f0162269.jpg

Janire ARRONDO | HERNANI

«Gerra eta errepresio egoeratik demokrazia egoera baterako jauzian, beharrezko ikusten dugu herritarrak mobilizatzea». Hala adierazi zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduko kide Jon Garatek, pasa den astean ezker abertzalearen aurkako polizia operazioaren eta Auzitegi Goren espainolaren aginduaren ondotik, Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kideen atxiloketaren gaineko balorazioa emateko eginiko prentsa agerraldian.

Ezker abertzalearen aurkako operazioa salatzeko joan den larunbatean Donostian egindako manifestazioa «eredugarria» dela aitortu zuen Garatek, eta eredu horri loturik, «Euskal Herriak jasaten duen errepresio iraunkor eta egiazkoari aurre egitea beharrezkoa da», gaineratu zuen. «Errepresioa garaitzen joateak prozesu demokratikoa azkartzea, indartzea eta egonkortzea ekarriko duelako, bide horretan lanean jarraitzeko deia egiten dugu».

«Ez dakite hitz egiten»

Agerraldian izan ziren hilaren 13an atxilotuak izan ziren Amaia Esnal eta Txelui Moreno, bi operazioetan kartzelatuak izan diren gainerako 13 kideen senitartekoekin eta Ainhoa Baglietto abokatuarekin batera. Bertan, mugimenduko kideak baieztatu zuenez, «Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzeko aukerak agertu direnean, aspaldian baino gordinago jo du errepresioak gure aurka».

Mugimenduko bozeramaileak adierazi zuenez, «kultura demokratikorik» ez duen estatua da espainola, ahula jarduera politikoan eta indartsua gerran eta errepresioan. «Ez daki hitz egin eta konponbide elkarrizketatuak bilatzen; gainera, bere baitan dituen arazo politikoak epaiketekin eta poliziekin konpontzeko hautua egiten du».

Ezker abertzalearen aurkako sarekada «operazio politikoa» izan zela ziurtatu zuen Garatek. Beraren ustez, «herri honetara konponbide demokratiko bat ekartzeko lanari, esku-burdinekin erantzun diote». Bestalde, ostiralean Askatasuna eta Amnistiaren aldeko Batzordeetako kideen kartzelatzearen ondotik, Garateren iritziz, errepresio politikoa areagotzen ari da, eta «errepresio horren aurka antolatzen den mugimendua» kolpatzea beharrezkoa egiten zaio Estatuari.

«Errepresioaren aurkako lana zigortu nahi dute, errepresioari bidea irekitzeko, eta preso politikoekiko elkartasuna ezabatu, espetxeetan gertatzen diren muturreko egoerak mantentzeko, horregatik kartzelatu dituzte amnistiaren aldeko mugimenduko kideak», argitu zuen bozeramaileak.

«Gainditu nahi dugu»

«Gerra eta errepresio egoera, edo-eta prozesu demokratiko baten bidetik etorriko den bake eta konponbide egoera», horiek dira amnistiaren aldeko mugimenduko kidearen hitzetan Euskal Herriarentzat ikusten dituzten bi aukerak. Bi egoera horien aurrean Estatu espainola zein aldetan kokatzen den argi dagoela azaldu zuen Garatek. «Errepresioaren aldeko bidean daude Rubalcaba, Zapatero zein Ares eta horretarako behar duten bitarteko guztiak erabiltzen dituzte: poliziak, salbuespenerako epaitegiak, kontrolpean dituzten komunikabide handiak edo legez kanporatzeak».

Era berean, bozeramailearen hitzetan, «beste aldean gaude errepresio eta gerra egoera hau gainditu nahi dugun euskal herritarrak. Lan horretan ari gara eta kolpatuak gara. Horregatik atxilotu zituzten 13 militante politiko pasa den astean».

Bakartuta

Arnaldo Otegi bakartuta dute Madrilgo Soto del Real espetxean, atzo goizean Jone Goirizelaia abokatuak Info 7 irratian azaldu zuenez.

GERRA EDO BAKEA

«Bi aukera argi ditu Euskal Herriak: gerra eta errepresio egoera, edo prozesu demokratiko baten bidetik etorriko den bake eta konponbide egoera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo