GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Garaipen oso berezia izan da niretzat, urte askotan egindako lanaren saria»

p038_f01_333x333.jpg

Iker Foronda

Puntista

Iker Foronda Rojo Gasteizen jaio zen 1979ko martxoaren 20an. 2003an egin zuen debuta profesional mailan eta urteotan garaipen zerrenda mardula pilatu du, besteren artean, Daniako kinielen saria (2004) eta Jai Aliven Orange zirkuitua (2007) irabazita. Hala ere, aurreko ostiralean lortu zuen bere garaipenik sonatuena, Binakako Munduko Txapelketa Lopezekin batera.

Asier AIESTARAN

Bere ikasleekin lanean hasi aurretik tarte bat hartu du Iker Forondak GARArekin hitz egiteko. Kantxan bezain argi ditu ideiak kantxatik kanpo ere.

Hiruzpalau eguneko perspektibarekin, zer balantze egiten duzu txapelketari buruz?

Oso berezia izan da. Batez ere, urte askotako lanaren ostean niretzako sari handia izan delako. Baina baita txapela Imanolekin lortu dudalako ere. Lopezekin oso harreman ona daukat eta txikitatik ezagutzen dugu elkar. Bere garaian Munduko Txapelketa batera jokatu genuen afizionatu mailan, eta txapeldunorde izan ginen. Gogo berezia geneukan lehiaketa hau irabazteko.

Edozein aurrelarirentzat da pozgarria Lopezekin jokatzea. Zure kasuan poza bikoitza izan da.

Danian, AEBetan, batera bizitzen egon ginen, eta txikitatik ezagutzen dugu elkar. Atzelari onena da, nola ez, baina gainera lagun mina ere bai. Horregatik izan da poza bikoitza.

Txapelketa aztertuz, nabarmentzekoa da bi finalerdiek izan zuten maila, nahiz eta finalari emozio apur bat falta izan zitzaion.

Markagailuari dagokionez bai. Finalerdietan, gure partida itzela izan zen eta horretan zerikusi handia izan zuten Lopezek eta Irastorzak, atzeko koadroetan nor baino nor ibili ziren bi munstroek. Beste finalerdian ere markagailuan emozio handia egon zen, nahiz eta jokoa agian ez izan hain ikusgarria. Hori ikusita, nik uste jendeak finala ere markagailu oso estukoa izatea espero zuela, baina ez zen horrela izan. Guk argi geneukan zuloa zenbat eta lehenago ireki, orduan eta erosoago jokatuko genuela, eta horretan saiatu ginen. Jendearen ikuspegitik pena bat da, baina guk gure lana egin beharra geneukan.

Kirolari guztiek aipatzen dute finalak ongi jokatzea zein zaila izaten den. Baina zuk serio jokatu zenuen eta aurrean harrapatutako pilotak ongi amaitu zenituen.

Hala da. Askok komentatu didate. Ez da finala bakarrik izan, txapelketa osoan oso erregularrak izan gara Imanol eta biok, txapelketa peto-petoa egin dugu. Baina aurkariei ere eman behar zaie meritua. Finalera partida guztiak irabazita iritsi ziren, egun horretan agian ez zuten hain ongi jokatu, baina nik uste dut ez zela partida txarra izan. Ia lau minutuko tanto bat egon zen, Felixek egin zuena Lopezekin borrokan ibili eta gero. Agian ez zen hain ikusgarria suertatu markagailu aldetik, baina tanto oso politak egon ziren, eta Egigurenek ere tanto eta errebote onak atera zituen.

Ingurua ere hitzorduaren mailakoa izan zen: frontoia beteta, giro polita, partida telebistaz...

Nik uste zesta pixkanaka-pixkanaka asmatzen ari dela. Bi enpresen arteko norgehiagokak bultzatzea oso garrantzitsua izan da. Jendea pozik dago, horrelako neurketak ikusi nahi zituelako, eta finalerdietan jokatu ziren partida bikainek jendea animatu egin zuten Markinara finala ikustera joateko. Zestaz gehien dakitenak bertakoak dira, horregatik deitzen zaio Unibertsitatea, eta orokorrean uste dut jendea gustura geratu dela txapelketarekin. Gauzak ongi egin direlako eta parte hartu duten bikoteak parekatuak izan direlako. Ez da egon besteen gainetik oso argi nabarmendu den bikoterik eta ia partida guztietan emozioa egon da bukaerara arte. Ikusi besterik ez dago hasieran faborito ziren bikoteak ez direla finalera iritsi, eta jendeak ez zekiela oso ongi pronostikoa zeinen alde egin.

Master Jai enpresak Goikoetxea-Enbil bikotea berreskuratu beharko al du datorren urtean?

Garaipena eskuratzeko ahalik eta bikote indartsuena jartzeko tentazioa hor dago beti, baina nik uste dut hori akats bat dela. Aurten ikusi da. Partida oso onak irten dira eta jendeak pozik jarraitu du txapelketa. Goiko eta Enbilek oso bikote indartsua osatzen dute, eta aurreko urteetan puntu bat gainetik egon dira. Argi dago denok nahi ditugula tituluak, enpresek ere bai noski, baina nire ustez garrantzitsuena ikuskizuna bultzatzea da. Aurten hori ikusi da eta uste dut bide onetik goazela.

Gainontzean, egindako udaren balantzea positiboa al da?

Bai. Agian beste urteetan maila hobea eman dut uda osoa kontuan hartuta, baina aurten hasieratik genekien noiz izango zen Munduko Txapelketa eta helburu hori finkatuta neukan. Zaila da uda osoan topera egotea, erabakiak hartu behar dira eta uste dut asmatu dudala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo