GARA > Idatzia > Ekonomia

Hendaia eta Baionako merkantzien tren garraioan 65 lanpostu desagertuko dira

SNCF tren zerbitzuak gorabehera handiak izan zituen atzo Estatu frantsesean. Sindikatuek greba deituta zuten berregituraketa plana salatzeko, batez ere merkantzien garraioari dagokiona. Ipar Euskal Herrian lanpostuen %40 desagertuko direla-eta, gaur ere greba egingo dute.
p027_f01_199x116.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Estatu frantziar osoko SNCF tren konpainian, bai bidaiariak bai merkantziak garraiatzen dituzten zerbitzuetan, greba deialdia egina zuten atzokoan CGT, CFDT, Sud-Rail eta Akitaniako UNSA sindikatuek. Helburua enpresa publikoak gauzatu asmo duen berregituraketa salatzea zen.

Merkantzien burdinbidezko garraioak jasango du lanpostu galera handiena, zehazki 6.000 lanpostu baino gehiago estatu osoan. Ipar Euskal Herrian ere joan den abuztuan SNCF-Frêt (merkantziak) zuzendaritzak aurkeztu planaren arabera, Hendaia eta Baionako guneetan 65 postu (lanpostu guztien %40) deuseztatuko dira; 34 abenduan bertan eta gainerakoak datorren ekainean.

Baionako Saint Bernardeko nasan eman zituzten grebalariek lanuztearen zergatien azalpenak. Jerôme Teillary CGT sindikatuko kideak salatu zuenez, merkantzien garraioa «husten» ari dira: «SNCF sekulako publizitate kanpaina egiten ari da telebistan; bere esanetan, errepideetako kamioiak burdinbidera ekartzeko. Baina Perpinya-Luxenburgo linean argi geratu da `trenbide-autopista' hauek ez direla alternatiba egokia. Bakartutako bagoien sistema kendu zutenetik denbora asko galtzen da eta, gainera, garraio mota hau garestiagoa da».

Lanpostuen galerarekin batera, soldaten maila eskasa eta enpresaren estatusa bera ere kezka iturri dira langileentzat. «Berregituraketa hauen guztien atzean, enpresaren publikotasuna kolokan jartzen ari dira eta beldur gara, France Telecomekin gertatu moduan, zerbitzu hau ere pribatizatzeko bidean jarriko ez ote duten», esan zuen Teillaryk.

Akitanian, oso arrakastatsua

Merkantzia zerbitzuetako langileen %82k eta gainontzeko zerbitzuetako langileen %55ek egin zuten atzo greba Akitanian sindikatuen arabera. Gaur ere lanuztea egingo dute eta ordezkaritza bat Bordelera joanen da zuzendaritza interpelatzeko. Bidaiarien trenei dagokionean, atzo linea luzeetako eta abiadura handiko trenen erdiak ibili ziren soilik. Estatuan Akitanian baino jarraipen txikiagoa izan zuen grebak, CGTren esanetan, %31,6 eta SNCFren kontaketan, berriz, %23,75.

TRENBIDE BERRIA?

CGTko langileek berretsi zuten egungo trenbideak merkantzien garraioa bere gain hartzeko gaitasun osoa duela. «Garraio mota hau beherantz doanean eta lanpostuak kentzen ari direnean, zertarako AHTren trenbide berria merkantzietarako?», galdetu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo