GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Ea surflari onak diren

 

Iragan den larunbatean Donostian marea gora izan zen arratsaldeko bostetan. Ez nion begiratu itsas-marearen taulari, baina beharrik ez. Marea gora eta bizia izan zen, udazkenean izaten diren marea bizi horietarikoa.

Larunbatean sortu zen olatuari eutsiko dioten, hori da orain askok egiten dugun galdera: surflari onak dira politikari autoktonoak? Helduko diote demari? Entzun zuten mezua? Ba al dakite olatuen gainean irristatzen, edo nahiago dute segitu legoaz jolasten, nork bere etxetxoa egiten?

Larunbatean entzun zen mezua argia eta ozena izan zen, 40.000 eztarrik ahoskatuta. Euskararen alde biltzea ez da harritzekoa, kontsentsu-gaia da-eta hiritarren artean, euskaldunak izan zein ez. Baina politikari batzuk atxilotu dituztelako milaka pertsona kalera ateratzeak zer pentsatua eman beharko lieke alderdiei, eta agudo abiatu neoprenoa janztera.

Finean jende horrek guztiak esan zuen politika egiteko garaia dela. Politika maiuskulaz, denek, norberaren sokakoak eta sokakoak ez direnak ere bai. Esan zuten ezinbestekoa dela politika, bestelako adierazpenak nagusitu ez daitezen, nahiz eta guztiz bat ez etorri atxilotuen ildo politikoarekin. Esan zuten ez dela behar-beharrezkoa abizen biak konpartitzea, Ezkertiarra eta Abertzalea, familia berekoak izateko. Eta den-denak neba-arrebak ez bagara ere, lehengusu-lehengusinen artean konpondu beharra dagoela, behingoz.

Ahots horiek guztiek adierazi zuten orain ez dela garaia alderdiak atomizatzeko, koalizioak zatitzeko, tendentziak sortzeko... puzzlearen estetikak ez diola onik egiten herri txikiari, are gutxiago arerioak arazorik ez badu koalizioak egiteko ad hoc.


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo