GARA > Idatzia > Kultura

Maria Jose Basurcoren azken liburuak gerra zibilaren garaira darama irakurlea

p041_f01_097x096.jpg

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

Maria Jose Basurcoren azken eleberria Euskal Herriko historiatik urruntzen bada ere, historia gatazkatsu hurbilaren berri ematen du beste behin ere, pertsonaia sentsualen bitartez. 1939an Francoren garaipenaren ondorioetatik ihesi, Okzitaniako Tolosara ihes egiten duen familia espainiar baten nondik norakoen berri ematen du «La valse de l'oie» liburuak.

«Nahi baino biografikoagoa atera zait; azkenean nire familiaren historia idatzi dut», aitortu zuen idazleak. Basurcok bere herritik urrundu nahi izan zuen beste testuinguru batean barneratzeko, baina liburua berrirakurtzen ari zela konturatu zen ezin zuela ihes egin, «nire historiak harrapatzen nau». Esaterako jaso edo «jasan» behar izan zuen heziketa kristauarekin zituen zorrak kitatu ditu.

Historiari begiratua ematen dion aldiro bezala, sorkuntzarako datu fidagarriak baliatu ditu. Dokumentazio lan handia egin duela azpimarratu zuen.

Eskuz idatzitakoaren xarma

Idazketa prozesuaren zailtasunen berri ere eman zuen Basurcok, liburuaren aurkezpenean izan zituen miresleen aurrean. Urtebetez liburuko pertsonaiekin gau eta egun ondoan izan ostean, «ordezko familia utzi behar izatearen tristezia» moduko bat sentitu zuela aitortu zuen.

Teknologia berriak alde batera utzita, «paperaren eta boligrafoaren sentsualitatea» beharrezkoa duela ere nabarmendu zuen idazleak. Behar horrek buruan etorkizunerako hainbat egitasmo izatera bultzatzen du. Halako batean, sorkuntza prozesuan bizi izan dituen esperientzien berri emango duela jakinarazi zuen. Hurrengo libururako ardatz, beharbada, bere herria, Donibane Lohizune, hartuko duela ere azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo