GARA > Idatzia > Kultura

Beasainen abiatuko da Gipuzkoako XIII. Euskal Kantu Txapelketa

GARA | DONOSTIA

Bakarlariak, bikoteak eta taldeak izango dira aurten ere kantuan Gipuzkoako XIII. Euskal Kantu Txapelketan. Larunbat honetan Beasainen hasi eta azaroaren 15ean Donostian ospatuko da finala. Tartean, urriaren 31n Zumaian eta azaroaren 7an Arrasaten ere izango dira kanporaketak. Hiru kanporaketak kontuan hartuz puntu gehien lortzen duten hamabi partaideak izango dira Donostian (hamabost ere izan daitezke epaileek hala erabakiz gero).

«Euskal kantuaren arloko errepertorio aberatsa berreskuratzea eta ezagutaraztea, euskararen eta euskal kantuaren inguruan Gipuzkoako kantari gazteak edota hasiberriak elkartzea, kantu eta kantari berriak plazaratzea eta kantatzeko euskaldunok daukagun ohiturari eustea» dira Euskal Kantuzaleen Elkartearen arabera txapelketaren helburuak.

Sariak ugariak izango dira. Kategoria bakoitzean bi banatzeaz gain, bost berezi egongo dira eta sorkuntza lan onenak eta a capella abestutako kanta onenek ere saria izango dute. Publikoak ere izango du kantu gustukoena bozkatzeko aukera.

Disko berria

Txapelketaz gain, disko berria ere aurkeztu zuen atzo Euskal Kantuzaleen Elkarteak. «Kantagintzaren uhin berria» izena jarri diote hamalau kantuz osatutako lan honi. Parte hartzaileek kanta ezagunak eta sorkuntza lanak aurkeztu ohi dituzte eta, hain zuzen ere, azken horiei «merezi duten garrantzia emateko», egitasmo berria jarri zuen martxan elkarteak 2008ko edizioan: txapelketan aurkeztutako sorkuntza lan guztiekin eta saridunekin diskoa grabatzea. Horrexegatik, sorkuntza lanez gain, bakarlari, bikote eta talde kategorietako txapeldunak daude, baita ahots onenaren saria eta nortasunaren saria jaso zuten parte hartzaileak ere.

Epe laburrera, Euskal Kantuzaleen Elkartea haurrentzako tailerrak sortzeko asmoarekin dabilela aurreratu zuten, horretarako material pedagogikoa prestatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo