GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fusilatuak omentzea memoria antifaxista defendatzea dela dio Ahaztuak elkarteak

GARA

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak igande honetarako frankismo garaiko fusilatuak oroitzeko antolaturiko omenaldian parte hartzeko deia luzatu du Jon Paredes Manot Txikiren senitarteko eta lagunekin batera. Ekitaldi horretan parte hartzea Euskal Herriaren memoria demokratikoaren eta antifaxistaren defentsa egitea dela nabarmendu zuen Ahaztuak elkarteak ohar bidez.

Audientzia Nazional espainolak pasa den irailaren 27an, Txiki eta berarekin batera fusilatutako lau borrokalarien heriotzaren urteurrenean, egitekoak ziren ekitaldiak debekatu zituen. Hori dela eta, Ahaztuak elkarteak Zarautzen eta Gasteizen antolatu zituen ekitaldiak bertan behera utzi behar izan zituen Ertzaintza horietara agertu ostean.

Hurrengo egunetan, Ahaztuak elkarteak eta Txikiren senitarteko eta lagunek babes ugari jaso zituzten alderdi politikoetatik, baita, Zarauzko Udaletik ere. Bestalde, «nabarmena» izan da, baita ere, Zarauzko bizilagunen aldetik jaso duten babesa.

Ahaztuak elkartearen ustez, debekuak erregimen frankistarentzat eta bere krimenentzat ezarritako «inpunitate ereduaren» adibide dira, eta, «are larriagoa dena», eredu hori «indartzen» ari dela erakusten dute. Gainera, «baimendutako eta sustatutako eredua izanik», biktimen memoria eskubidea bera ere «irentsi» egiten duela kritikatu zuten.

Horiek horrela, igande honetan 12.00etan Txikiren bizileku zen Egaña kaletik Zarautzeko hilerriraino joan eta bertan omenaldi ekitaldia egingo diote.

Lekukotasunak Durangon

Durangaldeko frankismo garaiko biktimen inguruko ikerketak egin eta horiek omentzeko duela bi urte sortutako Durango 1936 elkarteak «Agurrik gabeak» proiektuaren bigarren atala aurkeztuko du bihar, 20.00etan, Durangoko Plateruena kafe antzokian.

Ekitaldian, besteak beste, 36ko gerraren gaineko informazioa eta hura bizi izan zutenen lekukotasunak biltzen dituen «Durango, oroimenaren gogoan» ikus-entzunezkoa eskainiko dute.

Durango 1938 elkarteko kideek gogorarazi zutenez, Durangaldeko ehun lagun inguru hil ziren gerra zibilean frontean, kartzelan edo fusilatuta. Horrez gain, Nafarroako Pirinioetan soilik eskualdeko 87 lagunek egin zuten lan esklabo gisa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo