GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Ehun urte bizi eta gazte izan azkenera arte

 

Hemendik aurrera jaiotzen diren haurren erdia 100 urte betetzera iritsiko da. Hori dio medikuntza aldizkari batean argitaratutakoak. Datu horrek ez nau ikaratu. Gutxi edo gehiago, bistakoa da bizi itxaropenaren marra gero eta gorago dagoela. Ikaratu nauena da haur horiei prestatu nahi dieten plana: «Gure helburua beren bizitzako azken 50 urteetan lehenengo 50 urteetan bezain osasuntsu eta bizkor egon daitezen da», esan du zientzialari jakintsu horietako batek. Horrela irakurrita ez dirudi txarra denik, ezta?

Askotan iruditzen zait gero eta gehiago kostatzen zaigula urteen joan-etorria modu naturalean onartzea. Izan ere, gero eta zaharragoak izan, gero eta gutxiago ikusten gara. Gero eta urte gehiago pilatu, gure joan-etorrian uzten dugun arrastoa gero eta lausoagoa da. Gu geu gara lausoagoak, une batean ikusezin bihurtzeraino. Eta gure zaharrak ikusteari uzten diogunean, jakintza handia kentzen dugu begien bistatik. Zer garen tentelak. Baina modernoak, e?

Gaztetasunaren apologia etengabea egiten da bazter guztietatik. Iragarkietan diseinatzen eta saltzen da zahartze perfektuaren formula; 20 urterekin ondo zituen galtza bakeroak 50 urterekin jantzi eta ondo lotzeko gai denak lortuko du betiko zoriontasuna.

Aurten 80 urte bete ditu amonak eta urterokoa errepikatu dit zoriondu dudanean, «nahiago nuke orain dakidan guztia jakin, baina zure adina izan». Eta nik urtero esaten diot hainbeste jakintza hain gorputz gaztean ez dela kabitzen, natura jakintsua dela eta badakiela bakoitzari zer eman garai bakoitzean. Nik zahartu egin nahi dut, eta nire bilobei amonak esaten didana esan nahi diet nire urtebetetze egunean. Ea lortzen dudan eta ez nauten konbentzitzen bidean.


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo