Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Propaganda izarrak
Goebbels ere erregimenaren gizon inportantea, beharrezkoa, izan zen. Hainbat ministerio izan ditu Rubalcabak: Educación y Ciencia, Presidencia, Interior. Propaganda ere esango nuke ez duela falta
Urteak pasatzen dira. Boterean daudenak ere telebistatik pasatzen dira eta premien arabera lehenago edo beranduago aldatuz joaten dira hauek ere. Horrela, egun batetik bestera «politikari» hain ezaguna zena bat-batean ez dugu gehiagotan ikusten. Batzuk Europara, erbestera, bidaltzen dituzte, beste batzuei poltsikoa ondo betetzeko kargua bilatzen diete eta beste gutxi batzuk unibertsitateetatik ematen dituzte paseoak. Baina bada pertsonaia bat eguzkia, haizea ala elurra, hasieratik hortxe iraun duena, zelatan, sekula gaiztakeriarik egin ez duen aurpegiaz. Erregimenaren gizon inportanteek, beharrezkoek, baino ez dute hortxe irauten.
Rubalcabak harritu eta txunditu egiten nau. Ez pentsatu txarto, baina miresmen puntua daukadanik ezin dut ukatu, zeren benetan zaila izan behar baita, gertatuak gertatu, ondo eta tipoari eusten agoantatzea. Aurpegira begiratu albistegietan berba egiten duenean eta betile bat ere ez zaio mugitzen, ahoaren keinu arrarorik ez du agerian uzten, eskuei oharkabeko mugimendurik ez zaie eskapatzen... nahiz eta denok, eta batez ere berak, ederto jakin gezurrik handiena botatzen ari dela momentu horretan.
Telebistan telesail berri bat hasi da «Lie to me» izenekoa, «Esadazu gezurra» alegia, Paul Ekman psikologo estatubatuarraren lanean oinarrituta dagoena. Ekmanek ahozkoa ez den komunikazioa aztertu zuen eta, agerian uzten ditugun keinu txiki hauetan oinarriturik, benetako emozioak asma litezkeela zabaldu zuen. Baina lepoa egingo nuke Rubalcabarekin jai izango lukeela.
Denok ezagutzen dituzue nazismoaren propaganda ministroa izan zen Goebbelsen esaldi famatuak, hala nola, gezur bat nahiko bider errepikatuz gero, azkenean egia bihurtzen dela. Goebbels ere erregimenaren gizon inportantea, beharrezkoa, izan zen. Hainbat ministerio izan ditu Rubalcabak: Educación y Ciencia, Presidencia, Interior. Propaganda ere esango nuke ez duela falta.
Baina askotan geure burua jadanik ezin dugula gainditu sinistuta gaudenean, orduantxe hasten zaizkigu gauzak zelanbait okertzen. Hainbat mezu propagandistiko lortu zuen populazioaren buruetan uztea Rubalcabak. Nire gustukoena momentuko «edo bonbak edo botoak» izan zen. Esan genezake hauxe izan zela mezurik argiena, mila bider errepikatzeko aukeratu zuena bere arrakastagatik. Bere interbentzioetako top hita izan zen hau.
Beste momentu batzuetan ez zuen hain ondo asmatu. Esate baterako, mila bider biolentzia ezinbestez kondenatu behar dela errepikatu ostean, egun batean bat-batean biolentzia kondenaturik ere horrek ez lukeela balioko esan zuenean, jendea, momentura arte horretaz konbentziturik zegoena, uste dut hasi zela hatsa igartzen.
Goebbels edota Bernaysek, propagandaren «izarrak» deitu ahal ditugun horiek, ez zeukaten populazioa estima handitan, propaganda beste modu batez erabili behar dela uste dugunok ez bezala. Izan ere, populazio horixe konturatu da metodo lar konplexurik ez duela behar asmatzeko «bonbak edo botoak» disjuntiba horretan Rubalcabak (eta bere lagunek) zeren alde egiten duten hautua, jende askok egunotan komentatu didanez. Espero dezagun lehen pausua hori izatea behingoz errealitatera esnatzeko.