Iñaki Bernaola Lejarza Idazlea
Bidaia-oroitzapenak
Gerla Zibilaren garaiko zenbat borrokalari antifaxista, bertoko zein beste nazioetatik etorritakoa, gogoratzen eta goraipatzen da Espainian? Zein ohore, oroigarri edo eskerronik dedikatu zaie?
Oker ez banago, Espainiako Gerla Zibila bukatu ostean aldi bakar batez irten zen Francisco Franco Espainiatik, Adolf Hitlerrekin elkarrizketatzeko Hendaiara abiatu zenean, hain zuzen ere. Espainiar nazionalista peto-petoa omen zen Franco, eta horregatik ez zen inoiz Espainiatik ateratzen. Edo agian alderantziz zen: Espainiatik inoiz irten ez zelako bere espainiar nazionalismoa egonkortu zitzaion. Azken hipotesi horrekin bat omen dator kazetari espainiar ugari, zeren eta haien iritziz bidaiatzea baita nazionalismoaren aurkako sendabiderik onena. Nik neuk behintzat, haiei jaramonik eginik, aukerarik dudan bakoitzean Espainiatik kanpora egiten dut bidaia, era horretan espainiar nazionalismotik sendatuko naizelakoan.
Oroimen flakoa da espainiarrena, barruko zein kanpoko gertaerak direla eta. Joan den hilabetean ospatu zen Bigarren Mundu Gerlaren hasieratik hirurogeita hamar urte igaro dela, eta Europako herrialde gehienetan urteurrenari arreta berezia jarri badiote ere, espainiarrek eurekin zerikusirik izan ez balu bezala jo dute gatazka hura. Laster ahantzi zuten, esate baterako, Hitlerren aire-armadak bonbardatu zuela Gernika, Francoren aginduz egin ere. Edo demokrata ezin demokratagoa omen zen Areilza jaunak sutsu laudatu zituela Hitler eta Mussolini Bilboko udaletxetik bota zuen diskurtso famatuan. Edota terrorismoaren biktimatzat post mortem saritutako Meliton Manzanas polizia torturatzailea Gestaporen kolaboratzaile sutsua izan zela, edota...
Ez da hain urria Europako beste herrialde batzuetan oroimena. Polonian, esate baterako, oraindik ikusgai dago «Otsoaren Kabia», Hitlerren aginduz eraikitako bunker-sorta erraldoia, non Mundu Gerlak iraun bitarteko bederatziehunetik gora egun eman zuen berak sartuta, begirada Errusiako frontean jarrita batik bat. Aipa dezagun, anekdota gisa, bertan suertatu zela haren aurkako atentatu famatua, Walkyria delako operazioarekin lotuta zegoena.
Nolatan uler daiteke Adolf Hitler, Alemaniako nagusi izaki, gerla garaian Berlinen iraun beharrean Errusiatik hurbil zegoen bunker hartan hain denbora luzean egon izana? Zergatik ez, esate baterako, Parisen, Herbeheretan edo Danimarkan? Hau ulertzeko Lituaniara eginiko beste bidaia batean eskuratu nuen beste datu interesgarri bat: ingelesez argitaraturiko bertako aldizkari batean irakurri nuen Lituaniako Gobernuak eskatu berria ziola Erresuma Batukoari nazien kolaboratzaile sutsua izandako lituaniar faxista hiltzaile baten estradizioa. Mundu Gerla bukatu orduko, Ingalaterrara egin zuen ihes, eta bertako barne-zerbitzu sekretuaren babesa jaso zuen berehala, MI-5 delakoarena, alegia. Meategien ingeniaria omen zen aipatu faxista hura, eta Erresuma Batura bertaratu zenean lanik ez zitzaion falta: langileen arteko ustezko militante komunistak salatzea izan zen bere lehenengo zeregina. Meatzari borrokalariak, haien ideologia edozein zelarik ere, saldu zituen gero, hau guzti hau bertako «autoritateen» mesedean eta agindupean. Ez dakit estradizio-eskaera, finean, ontzat hartu zen ala ez. Argi zegoen, dena den, faxista hura erabat zaharkiturik egonda mesede gutxi egin ziezaiokeela jadanik Gobernu ingelesari...
Bretainian izan naiz azkenean, eta Nantes hiriko historia-museo oparo zein interesgarria bisitatzeko parada izan dut, Bretainiako dukeen jauregia izandako eraikin gotiko zoragarrian kokatua berau. Oso tarte handia eskaintzen zaio museoan Nantes nazien okupaziopean iragandako denborari eta, besteak beste, trataera berezia jasotzen du garaiko buruzagi militar alemaniar nagusiaren aurka eginiko atentatuak. Eragileen argazkiak, euren izen-abizenak, bideo bat non lekuko izandako batzuen testigantza jasotzen zen eta, hau gutxi balitz, atentatuan ustez erabilitako bi pistolak ikus daitezke bertan. Ahaztu gabe, bestalde, buruzagiaren hilketa mendekatzeko naziek eragindako sarraskia. Preso ziren dozenaka maquisard erail zituzten, euren artean sei espainiar, Gerla Zibila bukatu ostean Frantziara ihes eginak eta bertan borroka antifaxistan buru-belarri sartuta zeudenak. Nantesekoek behintzat ez dituzte ahantzi sei gazte espainiar haiek, eta horri esker jakin dezakegu gaur egun nortzuk ziren, nola deitu eta zein aurpegia zuten, hau guztia erakusgai baitago bertan.
Atentatu guztiak, lehen orain bezainbeste, eztabaidagarriak dira. Nanteseko biztanle askok, ondoko errepresioaren beldur edo, gogor deitoratu zuten hura bere garaian. Zer esanik ez nazien kolaboratzaile estuak ziren alderdi politiko frantsesek, esate baterako Partie Populaire delako batek. Frantziako Alderdi Komunista, bestalde, urte asko pasatu arte ez zen ausartu publikoki onartzen atentatua bere aginduz egin zela, horrek haren aurkako arbuiapena ekarriko zuelakoan.
Gertaerak gertaera, zer pentsa ugari eman zidan horrek guztiak eta, noski, konparazioak borborka etorri zitzaizkidan burura: Zergatik gazte espainiar borrokalari antifaxista horien berri izateko Espainiatik irten eta Nantesera joan behar? Gerla zibilaren garaiko zenbat borrokalari antifaxista, bertoko zein beste nazioetatik etorritakoa, gogoratzen eta goraipatzen da Espainian? Zein ohore, oroigarri edo eskerronik dedikatu zaie? Zenbat kalek, zenbat eskolak edota eraikin publikok darama Espainian borrokalari antifaxisten izenik?
Iraun beza, luze iraun ere, Nantes hirian bizitza eman zuten antifaxista haien oroitzapenak. Egon bitez, luze egon ere, euren izen eta argazkiak ikusgai.