Arrantzaleak askatzea da lehenetsi beharrekoa
Bihar, «Alakrana» atun-ontziaren bahiketaren hogeigarren egunean, ontzian bizilagunen bat duten bost euskal herrietako udalek deituta, elkarretaratze bat izango da Bermeon, bahituen egoera salatzeko eta haien senideei elkartasuna agertzeko. Herenegun senideak agertu ziren jendaurrean, negoziazioak zertan diren argitzeko eskatuz, eta ulertzekoa da horien ezinegona, Madrilen jokaerak areagotua. Horregatik, arrantzaleak askatzeko neurriak lehenbailehen abian jartzeko eskatu dute udal horiek. Hala gertatu beharko luke benetan garrantzitsuena, eta beraz, lehenetsi beharrekoa bahituak lehenbailehen eta onik itzul daitezen lortzea bada. Eta ez dirudi orain artean Madrilen kudeaketa eredugarria izan denik, Defentsa Ministerioaren eta Baltasar Garzon epailearen jokaera ikusita. Izan ere, denek onartzen omen duten lehentasuna -bahituen askatasuna- oztopatzea ez da udalek atzo eskatu zuten neurrietako bat, hain zuzen. Jokaera hori ez ezik, Lakuako Arrantza sailburu Pilar Unzaluk biharko elkarretaratzearen berri izan ondoren esan zuena ere ez da erraz ulertzekoa, alegia mobilizazioa kalterakoa izango dela, noren kalterako izango den esan ez bazuen ere. Beharbada ulergarriagoa da Unzaluk mobilizazioa «familien minaren erabilera politikoa» dela esan izana, Lakuako eta Madrilgo gobernuak erabilera politikoan adituak direla kontuan izanda.