Nekazaritzaren defentsan baserritar gazteen martxan parte hartzeko deia egin dute
Hainbat belaunalditako baserritarrak elkartu ziren atzo Donostian Akuiluk antolatuta bihar hasiko den martxa hizpide hartuta. Ezinbestekotzat jotzen duten «kaletar eta baserritarren arteko elkarlana» indartzeko, gizarte osoari dei egin diote martxan parte har dezan.
Amaia ZURUTUZA
Baserritar beterano eta hasi berriagoak bildu ziren atzo, Donostian, prentsa agerraldian. Gazteenak, bihar Azpeitian hasiko den hiru eguneko martxaren berri eman eta bertan parte hartzeko deialdia egiteko; eskarmentu handiagokoak, baserritar gazteei euren babesa eta laguntza eskaintzeko. Adin ezberdineko baserritarrak, baina grina berdinekoak: Euskal Herriko baserriak eta nekazaritza jarduera oro har bizirik mantentzekoa, hain zuzen ere.
Baserritar beteranoenen izenean, Antton Dorronsorok baserritar izatea, egun, «apustu gogorra eta zaila» dela esan zuen, baina jada 1960ko hamarkadan ere, Euskal Herriko gazte askorentzat baserritar izateko hautua apustua izan zela azaldu zuen. Izan ere, garai hartan Euskal Herrian industria eratze gogorra izan zela gogorarazi zuen, eta horrek eskulan behar handia ekarri zuela. Hala, baserrietako gazte asko eskulan eskaera horren atzetik herrietara jaitsi ziren, «diru errazago baten eta bizi modu hobe baten bila».
Baserrian jarraitzeko hautua egin zutenek, ordea, gaur egungo gazteek hain garbi ez duten abantaila zutela azaldu zuen Dorronsorok. «Garai hartan baserria oraindik bizirik zegoen, bizi-bizirik, eta gure eginkizuna, batik bat, pixka bat zaharkituta aurkitzen zen baserria eraberritzea izan zen». Batzuek industria guneetara jo zuten, beraz, baina izan ziren, bai, baserritik bizitzen jarraitzea erabaki zutenak. Urteak pasa dira, ordea, eta nahiz eta teknifikazio sofistikatuenak, makina eta teknika aurreratuenak, genetika aurrerapenak esku artean izan, «zoritxarrez», inguruan gero eta baserri gehiago jarduerarik gabe ikusten duela gaineratu zuen.
Jarduerarik gabeko baserri horiek biziberritu eta azken batean baserri biziak gorpuztea du helburu Akuilu elkarteak, eta horretarako gazteei erraztasun eta baliabideak eskaintzea. Gizarteak ere badu, ordea, nekazaritzari eusteko ardura, atzo azaldu zuten moduan, «kaletar eta baserritarren arteko elkarlana ezinbestekoa da».
Bizi osoan baserritar izan direnak, eta Dorronsorok bezala «haurtzaroko baserri hura», «familia osoa baserritik bizitzen zen hura» ezagutu dutenak nahiko atsekabetuta pentsatu ohi dute, atzo Dorronsorok galdetu zuena: «baserriak jarraipenik izango ote du?». «Erantzuna Akuilu da», esan zuen jarraian.
Indarra eta ilusioa
Hala, «zoritxarrez» elikadura «espekulazio huts» bilakatu den garai hauetan nekazaritzaren aldeko apustua egitera animatu zituen baserritar gazteak. «Gazteak zarete, borrokarako indarra duzue eta ilusioz beteta zaudete», esan zuen, eta ahalegin horretan ez etsitzeko eskatu zien. Itxaropenerako tarterik ere bada gainera, izan ere, azaldu zuen moduan, «merkatu globalizatu honek akats eta gabezia gehiegi ditu eta horiek aprobetxatuz zuen bidea bilatu behar duzue». «Guk itxaropen handiz ikusten dugu zuen ahalegina eta laguntzea bakarrik geratzen zaigu», esan zuen azkenik.
Egitarau oparoa antolatu du Akuiluk datozen egunotarako. Bihar, 10.00etan jarri dute lehen hitzordua, Azpeitiko Plaza Nagusian. Handik Azkoitira abiatuko dira oinez. Bertan, 12.30ean, kontsumo kooperatibei buruzko mahai-ingurua izango da Matadeixen. Jarraian Elgoibarrera abiatuko da martxa, eta 19.30ean, Kultur Etxean, baserritar gazteen bizipenak azalduko dituzte. Gaua bertan igaro, eta larunbatean Eibarrerako bidea hartuko du martxak, 12.00etarako Eibarren izateko, manifestazio nazionalean parte hartzeko. Mallabira joango da jarraian. Bertan 17.30ean haur jolasak izango dira, «Txorixak galduta egozanian» filmaren emanaldia, 19.30ean eta talo jana eta trikitixa saioa 21.30erako. Mallabia atzean utzi, eta igandean Durangorako bidea hartuko dute martxistek. Bertan, 10.00etan baserritar gazteen postuez osatutako azoka izango da, eta 14.00etan, herri bazkaria, Andra Mari elizpean.
Akuiluko kideek atzoko prentsaurrekoan azaldu zuten moduan, «ozenki esan nahi dugu, baserritar gazteon martxa ez dela baserritarrak biltzeko soilik, baizik kaletar ororentzat irekita dagoela». IA.Z.
Larunbaterako, Eibarren, manifestazio nazionalera deitu du Akuiluk «Baserria da etorkizuna» lelopean, 12:00etan Udaletxetik abiatuta. «Gizarte osoa» gonbidatu dute aldarrikapenarekin bat egin eta Eibarko kaleak bete ditzan.