GARA > Idatzia > Kultura

Basque Culinary Center-ek eta Euro-Toques sukaldari elkarteak elkarlana hitzartu dute

Basque Culinary Center fundazioak eta Euro-Toques sukaldari elkarteak datozen bost urteotarako hitzarmena sinatu zuten atzo. Sukaldariek euren prestakuntza beharretara egokitutako diagnostikoa izango dute.

p050_f01_148x92.jpg

A. A. | DONOSTIA

Basque Culinary Center fundazioko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Joxe Mari Aizegak eta Euro-Toques Españako lehendakari Pedro Subijanak atzo Donostian sinatutako hitzarmenari esker, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute datozen bost urteetan. 2011ko irailean martxan jarriko den Gastronomia Zientzien Fakultatean ikerketa eta garapen azterketak, proiektuak eta programak jarriko dira martxan. «Gastronomiaren eta elikagaien teknologiaren alorreko prestakuntzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren inguruko jarduerak sustatu eta bideratzeko» balioko du akordioak. Aizegak azpimarratu zuenez, «oinarrizko aliantza» da honakoa eta, aurrerantzean, gainerako elkarte profesionalekin etorriko diren akordioen hasiera baino ez da. Bestalde, Subijanak adierazi zuenez, «kortseak kendu eta prestakuntza arautu batean ezinezkoak izango liratekeen gauza mordoa egiteko aukera ematen du akordioak».

Estatuan Euro-Toques elkarteko lehendakari izateaz gain, Basque Culinary Center fundazioko patronatuko kide ere bada sukaldari donostiarra, Arzak, Berasategi, Aduriz edota Argiñanorekin batera. Duela urte batzuetatik euskal gastronomia «momentu eztia» bizitzen ari dela gaineratu zuen, eta «oso gauza polita» bada ere, horrek ez duela sektorearen etorkizuna konpontzen. «Jarraipenean pentsatu behar da eta hori informazioarekin eta prestakuntzarekin bakarrik lortuko da».

Euro-Toques nazioarteko elkartea da. Duela 23 urte sortu zen eta 18 herrialdetako 3.500 sukaldarik osatzen dute. Estatu espainolean 800dik gora dira elkartean, eta hortaz, hitzarmenak hauen «prestakuntza beharren diagnostikoa» egiten lagunduko du. Gizarte sustapenarekin eta gastronomiarekin zerikusia duten jarduerak antolatu eta bideratzea ere azpimarratzen du akordio honek.

50 ikaslek hasiko dituzte ikasketak 2011ko irailean Gastronomia Zientzien Fakultatean

Datorren abenduaren hasieran abiatuko dira Gastronomia Zientzien Fakultatea izango denaren eraikitze lanak. 2011-2012 kurtso hasierarako prest egotea espero dute, baina horretarako «lanen gainean egon beharko dugu», esan zuen atzo Joxe Mari Aizegak. Hasieran 100 ikasle ingururentzat pentsatu bazuten ere, lehenengo kurtsoan erdiarentzat izango da lekua, eta datozen urteetan haziz joango da kopuru hori. Gastronomia ikasketak emango dituen lehenengo zentroa izango da Estatu espainolean, bigarrena Europa osoan. Ondoan ikerketarako eta gastronomia zientzien arloko berrikuntzarako zentro bat izango ditu. Guztiak osatuko du Basque Culinary Center. Fakultatearen jarduera hiru prestakuntza -arlo handiren inguruan gauzatuko da: Lehenengoa, Sukaldaritza Arteei buruzko gradua, lau urteko iraupeneko unibertsitate titulu ofiziala -sukaldaritza eta jangela, negozioaren kudeaketa, zientzia eta teknologia, eta kultura eta artea landuko dituzte-; bigarrena, sukaldeko profesionalen taldea gastronomiaren beste sektore batzuetako profesionalen taldetik bereiziko dituzten graduondoak; eta, hirugarrena, etengabeko prestakuntza.A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo