EUSKAL SOINUAK
«Catalan Music On Tour» bira irekiko du asteburuan Maria del Mar Bonetek
Lakuako Kultura sailak Euskal Herrian ekoiztutako musika zabaltzeko eta sustatzeko bultzatzen duen programa, Euskadiko Soinuak izenekoa, Kultura Industrien Institutu Katalanarekin elkarlanean dabil bi herrialdeetako artistak elkar trukatzeko. Urtearen hasieran martxan jarri zen ekimena eta 2010erako hainbat bira lantzen ari da jada. Orain, adibidez, «Catalan Music On Tour» bira gurera iritsiko da. Lehen kontzertuak Maria del Mar Bonet handiak emango ditu: bihar Arrasaten (Amaia antzokia) eta larunbatean Andoainen (Bastero). Parte hartuko duten beste batzuk Gossos pop-rock taldea (azaroaren 6an Andoainen), Marc Ayza jazz bateria-jotzailea (azaroaren 26a, Donostiako Be Bop tabernan) eta Marc Parrot eta Ramon Simonek prestaturiko «50 anys de la Nova Canço» (azaroaren 13an, Donostiako Lugaritzen). Horrez gain, Euskadiko Soinuak programak euskal musika eramango du 2010ean Womex nazioarteko musika azokara.