GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Gorritxoak denboraldi hasiera nahiko ona egiten ari dira

Taldea oso maila ona ematen ari dela uste du Javier Camuñasek

Atletico Madrilen aurkakoan, Pandianik sartutako lehen golaren pasea eman zuen udako fitxaketak. Bere burua gero eta hobeto ikusten duela aitortu du.

p042_f01_148x096.jpg

GARA | IRUÑEA

Denboraldi batetik bestera gauzak asko aldatzen direla inork baino hobeto dakite Osasunako jokalariek. Iazko hasiera kaskarra atzean utzita, badirudi norabide ona hartu duela Jose Antonio Camacho entrenatzailearen taldeak, liga hasiera nahiko ona egiten ari baita.

Iazko egoera gogorra bizi ez zuen jokalarietako batek, Javier Camuñasek, taldearen egoera bikaina goraipatu zuen atzoko entrenamenduaren osteko prentsaurrekoan: «Lehiaketan daramagun denbora gutxian, denok sasoirik onenean gaude. Ni ondo nago, baina taldekide guztiak oro har oso maila ona ematen ari direla uste dut».

Joan den igandean Atleticoren aurkako neurketan agerian geratu zen joko maila bikain hori: «Erritmo ikaragarri azkarrarekin zelairatu zen taldea. Bagenekien oso partida zaila izango zela, goleatzen dakiten jokalariak baititu Atleticok».

Osasunak segituan lortu zuen aurretik ipintzea, Pandianiren gol bati esker. Camuñasek eman zion pasea uruguaitarrari, baina madrildarrak, umiltasunez adierazi zuenez, «asistentzia horri nire gol bati baino garrantzia gehiago ematen diot. Bigarren lerroko jokalariok golak eginez lagundu behar diogu taldeari, baina badakit bolada hastea kostatzen zaidala. Hala ere, `Riflea'k bolada onean jarraitu, eta taldeak irabazten duen bitartean, gainerakoa soberan dago».

Halaber, hegalean jokatzen oso gustura dagoela adierazi zuen: «Hegaleko jokalariak oso garrantzitsuak gara, batez ere etxean, baloia denbora asko ibiltzen baita arean zehar. Entrenatzaileak kanpoko jokoa eta aurkariari aurre egitea lehenesten ditu. Nik neu gero eta gehiago ari naiz parte hartzen; eta gogoko dut hori, baloia edukitzea gustatzen baitzait, bestela deseroso sentitzen naiz».

Racingen aurkako neurketa

Aurreko igandeko partida alde batera uzteko garaia da, asteburu honetan Racingen zelaia bisitatuko baitute iruindarrek. Santanderreko taldeak Osasunak baino lau puntu gutxiago ditu.

«Etxetik kanpo ere emaitza positiboa lor dezakegu. Getaferen kontra ere igandekoaren antzeko jokoa egin genuen, baina Atletico Madrilen kontra eraginkorragoak izan ginen. Kanpoan puntuak lortzea zailagoa da, baina norgehiagokei intentsitate berbera ematen badiegu, maila honi eutsi ahal izango diogu», azaldu zuen Camuñasek.

«Momentu honetan, gauden tokian amaitzeko sinatuko genuke denok. Badirudi ez dugula hainbeste sufrituko, baina ez genuke ahaztu behar eustea ere badela helburua. Bolada onari segida ematea garrantzitsua da; horregatik Santanderren puntuatzea garrantzitsua da, egutegiaren gainetik», amaitu zuen.

Beste alde batetik, LFPak atzo jakitera eman zuenez, Osasunak hilaren 31n, larunbata, jokatuko du Bartzelonaren aurka Ligako bederatzigarren jardunaldia, Sadarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo