Palestina eta Euskal Herriko kulturak uztartuz sortutako Elkartasun Tourra bihar hasiko da
Laudioko Gaztetxeak hartuko du, bihar, Elkartasun Tourrari hasiera emango dion emankizuna. Palestinatik etorritako artistek Euskal Herrikoekin bat egingo dute bi astez bi herrien arteko harremanak sustatzeko.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Elkartasun Tourra bihar jarriko da abian eta, ostean, bi astez, hamaika kontzertu, bertso saio, mahai-inguru, zine maratoi eta abar izango dira Euskal Herrian zehar. Askapenak antolatutako jarduera honek, «Elkartasunez» manifestua du atzean. Palestinako eta Euskal Herriko kulturen arteko harremanak sustatu nahian, musikari eta bertsolari palestinarrak izango dira biran euskal artistekin batera bi astez, eta emanaldi anitzak eskainiko dituzte.
Ruben Sanchez Askapenako kideak azaldu bezala, Palestinan bultzatutako «Elkartasunez» manifestuan oinarrituta jaio da ekimena. Egitasmo horrek bi alde ditu. Batetik, Israelen aurkako boikota deitzen du kulturan, kirolean eta irakaskuntzan. Euskal erakunde internazionalistak boikot horren alde egindako lana aski ezaguna bada ere, manifestuak bigarren zati bat ere badu, gutxiago ezagutzen dena. Sanchezek azaldutakoaren arabera, bigarren zati horretan Palestina eta beste herrialdeen arteko harremanak sustatzeko deia egiten da eta hori da, hain zuzen ere, Elkartasun Tour honen xedea.
Tourreko emanaldietako batzuk hainbat herritan eskainiko dira. Bihar, esate baterako, Nabil Monsour bakarlariaren kontzertua izango da Laudioko Gaztetxean, Arrebote eta Stockholm euskal taldeekin. Kontzertu berdina Urretxuko Gaztetxean errepikatuko da etzi, urriaren 30ean Bergarakoan, 31n Gernikakoan, azaroaren 1ean Zarauzkoan eta, azkenik, azaroaren 6an, Donaixtikoan.
Bertsoak ere izango dira Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko zubi. Ahmad Naamnah eta Muhammad Zoabi emanaldi guztietan izango dira, hainbat euskal bertsolarirekin batera. Lehen hitzordua Gasteizen izango da, hilaren 29an, Uxue Alberdi eta Jon Maiarekin; biharamunean Aizarnazabalen izango dira Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colinarekin. Urriaren 31n, Pausoko Xaia tabernan Amets Arzallus eta Miren Artetxe egongo dira eta, azaroaren 1ean, Ondarroan, Igor Elortza eta Fredi Paya.
Basel Zayed folk musikariak ere hainbat kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian: hilaren 30ean, Petti eta Mikel Urdangarinekin izango da Arrasaten, 31n Txuma Murugarren eta Fredi Payarekin Bilboko Kukutza Gaztetxean eta azaroaren 5ean Anje Duhalderekin Atarrabiako Totem aretoan. Azkenik, DAM talde ezaguna Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da azaroaren 5ean Indarrap eta Bad Sound System taldeekin. Durangon azaroaren 6an «Checkpoint Rock» dokumentala eman ostean egingo den kontzertuan ere izango dira DAM eta Bad Sound System.
Askapenak euskal artistek eta aretoek eskainitako laguntza eskertu du, musu truk egingo baitute lan «auzolanean oinarritzen den» ekimena aurrera eramateko.
Urriak 23: Laudioko Gaztetxean, Arrebote, Stckholm eta Nabil Monsour.
Urriak 24: Urretxuko Gaztetxean, Arrebote, Stckholm eta Nabil Monsour.
Urriak 29: Bertso saioa Gasteizen Ahmad Nanmanah, Muhammad Zoabi, Uxue Alberdi eta Jon Maiarekin.