GARA > Idatzia > Ekonomia

Dekalogoaren aldeko sinadurak biltzen hasi dira Durangaldean

A.Z.

ELA, LAB, EHNE, ESK, ESTE-EILAS eta HIRU sindikatuek hamar urratsez osatu duten dekalogoa zabaltzen hasi dira Durangaldeko sindikatuotako ordezkariak. Atzo, prentsaren aurrean, dekalogoaren aldeko babesa lortzeko sinadura bilketa egiten hasi direla iragarri zuten.

Azaldu zutenez, hilabete honetan eskualdeko enpresa ugaritan izan dira, eta azaroan ere zeregin horrekin jarraituko dute. Ondoren, enpresa ezberdinetako langileei dekalogoa aurkeztu, azaldu eta honen aldeko atxikimenduak bildu ostean, kalera joko dutela iragarri zuten. Izan ere, azaldu zuten moduan, euskal lantokietako langileez gain badira «aldaketaren beharra» sentitzen duten beste hainbat kolektibo ere gizartean: esaterako, langabetuak, ikasleak edo pentsiodunak.

Hamar urrats

«Hamar urrats eredu berri baterako» lemapean Euskal Herriko gehiengo sindikalak osatu duen dekalogoak egungo krisi egoeraren aurrean alternatiba eraikitzeko hamar neurri zehatz eta bideragarri biltzen ditu. Dekalogoa aurkeztu ostean, sindikatuek Euskal Herri osoan honen aldeko sinadura bilketak jarri dituzte martxan.

Atzo Durangoko agerraldian gogorarazi zuten gehiengo sindikalak beste eredu sozial eta ekonomiko baten aldeko lanean hiru printzipio nagusi dituela oinarritzat: justizia soziala batetik, berdintasuna bestetik eta aberastasuna eta lan produktibo zein erreproduktiboaren banaketa azkenik.

Aldarrikapen nagusia eraldaketa sakona bultzatzea dela adierazi zuten. Euskal Herriko gizon eta emakumeek euren politika ekonomiko, laboral eta soziala erabakitzea ahalbidetuko duen eraldaketa hain zuzen ere. Horretarako eredu berri bat eraikitzea ezinbestekotzat jo zuten.

Dekalogoaren aldeko sinadura bilketa, gainera, instituzio nahiz enpresariek euskal gizarteak aldaketaren beharra duela adierazteko ekintza ere badela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo