GARA > Idatzia > Kultura

Zornotzan hasiko da ostiralean Udagoieneko Osteraren edizio berria

GARA | BILBO

Euskarazko kultur produkzioa urtero Bizkaiko antzoki handietara hurbiltzen duen Udagoieneko Ostera zirkuituak bere hamargarren ekitaldiari ekingo dio datorren ostiralean. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako ekimena zortzi emanaldik osatuko dute, Bizkaiko beste horrenbeste herritan. Zornotza (lehen emanaldia bertan izango da, ostiralean), Ortuella, Bilbo, Durango, Getxo, Arrigorriaga, Zalla eta Santurtzi, horiexek izango dira formatu handiko kultur eskaintzak hartuko dituzten herriak. Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria.

Guztira, hamabi musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Lor eta Eraso rock taldeak, «Mirande Kabareta», Anari, Mursego, Sorkun, Keu Agirretxea, Kerobia, Komeriaren Klubeko sei aktoreak, DJ Oleaktiff, Ruper Ordorika eta Ken Zazpi izango dira taula gainean. Aurtengo programazioan lau disko berriren aurkezpenak izango dira: Ruper Ordorikak «Haizea Garizumakoa» disko berria aurkeztuko du Zallako Zine Antzokian; Kerobiak «Papera eta kartoia» aurkezten jarraitzen du, eta Areetara eramango du oraingoan bere musika eskaintza; Anariren «Irla izan» lana ezagutzeko parada Kafe Antzokian izango da; eta azkenik, Elorrioko Lor hirukoteak «Rock Terapia» eramango du Zornotzara, Eraso! Taldearen aurre-estreinaldiarekin batera. Aipatzekoa da halaber, «Ken Zazpi Urte» biraren Santurtziko emanaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo