GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Inposizio egoera» eragitea leporatu diote Azantzari Euskarabideko 29 langilek

Euskararen Nafar Institutuko hainbat langilek salaketa orri bat sinatu dute lankide bati elkartasuna adierazteko, jaso duen tratua bidegabea delakoan. Halako egoera gertatzen den lehen aldia ere ez dela esan dute.

GARA

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko 29 langilek atzo salaketa bat sinatu zuten bertako zuzendariaren «jarrera autoritarioa» agerian jartzeko, eta jokabide horren ondorioz, orain dela bi astetik langile bat baja me- dikuan dagoela gogorarazteko.

Langileek azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan izandako aldaketen ondorioz, Euskarabideko zuzendari-kudeatzailearen idazkari lanak egiten zituena eginkizunetik baztertu zuten.

Lanpostu hori betetzeko, Departamentuko buruaren kabineteko kide bati zegokion arren, D mailako administrari bati egokitu zioten betebeharra, sinatzaileek azaldu dutenez. «Lankide honek adierazi du bera ez dagoela ados, goragoko mailako betebeharra delako eta prestakuntza berezia eskatzen duelako», salatu dute lankideek.

Salaketan berretsi dutenez, lankide honek «presio, jazarpen eta inposizio egoerak» jasan behar izan ditu zenbait egunez, eta horren guztiaren erantzule egin dute Xabier Azantza Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea. «Sortu zen arazoa konpontzeko mahai gainean jarritako gainerako irtenbideak baztertu zituen Azantzak». Eta horren ondorioz, lankidea ospitaleratua izan zela nabarmendu dute, «antsietate krisiak jota» esan dutenaren arabera.

Langilea orain dela bi aste ospitaleratu zuten. Ospitaleko Larrialdietarako Zerbitzuan artatu zuten, «egokitze nahasmendu akutua» zuelako, eta ondorioz, baja medikuan dago geroztik.

Askotan sortzen den egoera

Nabarmendu dutenez, honakoa ez da nagusien aldetik «tratu ezkorrak» jasotzen dituzten lehen aldia: «Ez da gauza berria Euskarabiden. Elkarrizketarako, parte hartzeko, eta negoziaziorako ia aukerarik ez dago». Gainera, dimisioak, lekualdaketak eta bajak «oso ugariak» direla ohartarazi dute.

Horrek guztiak langileengan soilik «ondorio ezkorrak» dituela baieztatu dute, «egoera honetan, lantegian dugun giza ahalmen profesionalari ez zaiolako onurarik ateratzen».

Hala, langileek salaketa ipini zuten, orokorrean guztiak jasaten ari diren «presioagatik» eta zehazki «lankidea pairatzen ari den egoeragatik».

Lankideari elkartasuna adieraztearekin batera, nabarmendu dute bera beti agertu izan dela prest eman dizkioten lanak betetzeko, eta beraz, ez duela halako egoerarik merezi, ezta jaso duen tratu «bidegabe» eta «autoritarioa» ere.

Salaketa honen bidez egoeraren berria eman nahi izan zioten, besteak beste, Langileen Batzordeari, Lan Osasuneko Ba- tzordeari nahiz Giza Baliabi- deen Zerbitzuari.

 

AZKEN GERTAERA

Lankide bat «antsietate krisiak» jota ospitaleratua izan berri dela salatu dute langile hauek, bere gogoaren kontra konfiantzazko postu bat betetzera behartu izateagatik.

ARAZO GEHIAGO

Oro har, «dimisioak, lekualdatzeak eta bajak ugari dira gurean», jakinarazten dute: «Horrela, bertan izan dugun eta dugun giza ahalmen profesionalari ez zaio onurarik ateratzen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo