GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urruñako auzapezak AHTren kontra mobilizatzera deitu du

Idoia ERASO |

Urruñako auzapez Odile de Coralek AHTren bide berria eraikitzearen aurkako jarrera aldarrikatu zuen atzo. Herritarrak trenbidearen kontra biltzeko mobilizazioa prestatzen ari da larunbaterako, herriko elkarteekin batera. Zein ekimen mota izango den datozen egunotan zehaztuko dute. Gainera, hurrengo urtean izanen diren eskualde hauteskundeetan, herrian AHTri buruzko erreferenduma antolatzeko aukera ere aztertzen ari dira Herriko Etxean.

Azaroaren 30ean, bestalde, trazatu berriaren kilometro bateko perimetroa ezagutzera emango dute egitasmoaren sustatzaileek. Oraingoz eskuragarriak diren datuen arabera, Urruña ingururako bi aukera azaldu dira: batetik, Larrun edo mendialdekoa; eta bestetik, herrigunetik hurbilagokoa. Azken hori inguru urbanizatuago batetik pasako litzateke. Mendialdeko ibilbideak, aldiz, tunel ugari eraiki beharra izango luke.

RFF Estatu frantseseko trenbideen kudeatzaileak daraman kanpainaren kontrako hitzak izan zituen De Coralek, «itxurakeria hutsa» dela esanez. Salatu zuen RFFk ez diela beraiek egindako galderei erantzuten, eta trenbide berriaren kontrako jarrera dutenez, ez dietela informazioa eman nahi.

Trenbide berriak herriari eragingo liokeen kaltea nabarmendu zuen auzapezak, eta herritik igarotzen den A63 autobidearen zabalerak ekarri dizkien galerak aski direla gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo