Debari kalterik egin gabe burujabe izateko ekimena aurrera daramate itziartarrek
Duela urte batzuk herri izateko aukera itzali bazitzaien ere, ekimen berriak sortu dituzte itziartarrek. Debako Udalarekin elkarlan, koordinazio eta adostasunean oinarritzen den Itziarko Auzo-Udalerako proposamena darabilte esku ar- tean Herria Sortzen taldekoek.
Janire ARRONDO
Duela ia hogei urte egindako saiakerak bertan behera utzi behar izan zituztela-eta, azken hilabeteotan berriro ekin diote itziartarrek euren auzoa, auzo-udal bihurtzeko asmoari. Gipuzkoan hainbat udalerri sortu ziren 1980ko hamarkada amaieran, Lasarte-Oria edo Mendaro esaterako, eta bide horretatik, Itziar Debatik bereizteko «banaketa espedientea» martxan jartzeko sortu zuten Itziar Herria Sortzen taldea 1990ean. Horrela, itziartarren %82ren babesarekin eta legeak eskaturiko baldintza guztiak betez, «banaketa espedientea» martxan jarri zuten, baina Debako Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ezezkoa eman zioten berehala. 2005era arte eutsi zioten borroka horri, baina, Madrilgo Auzitegi Goreneraino iritsi zirenean, bertan behera utzi zuten saiakera.
Ahaleginak ez ziren hor gelditu, ordea. Legeak eskaturiko herritarren sinadurak bildu, eta beharrezko ziren tramite guztiak egin ondoren, iazko azaroaren 20an Itziar auzo-udal bihurtzeko proposamena aurkeztu zuten Debako Udalean. Auzo-udala elkarla- nean, koordinazioan eta adostasunean oinarritzen den figura da, eta era honetan, Itziar Debaren baitan egongo litzateke, baina autonomia handiagoarekin. Proposamen honek, auzotarren %64ren babesa jaso zuen. Duela hogei urte, banaketa espedientean finkatu zen gisan, Itxaspe, Elorrixa, Arriola, Egia, Mardari, Arbizkoa, Endoia eta Lastur auzoek osatzen dute Itziar, herrigunearekin batera. Auzo bakoitzeko hiru ordezkarik osatzen dute Itziar Herria Sortzen, eta guztien babesa jaso du ekimenak.
Arrazoi praktikoak
Ekimeneko kide Andoni Aranberrik atzo eskainiriko agerraldi batean azaldu zuenez, autogobernu nahi horren baitan, nortasunaren kontua da osagai garrantzitsuenetariko bat. Hala ere, nahi horretan arrazoi praktikoak ere badirela azaldu zuten. Esaterako, Itziarko kaskotik Debara 6 kilometroko bidea dago, eta gainerako auzoetara are gehiago. Beraz, Deban eskaintzen diren zerbitzu ugari ez dituzte jasotzen.
Era berean, 1980ko eta 90eko hamarkadetan Itziarren ez zela batere gastu publikorik egin argitu zuten. «Azken urteetan zenbait aurrerapauso eman izan badira ere, oraindik ere bertako biztanleriaren pisu erlatiboaren arabera egin beharko litzatekeen gastua ez da egiten», zioen Aranberrik. Itziar- koa da Debako biztanleriaren %20 eta lurraldearen %90. Hala ere, Debako Udalak bertan egin duen zuzeneko gastua ez da «inoiz» aurrekontuen %5etik gorakoa izan.
Auzo-udalerako proposamena
Itziarrentzat autogobernua aldarrikatzeaz gain, bertako arazoen eguneroko kudeaketa lanean ere aritu dira Itziar Herria Sortzen plataformako kideak. Hain zuzen ere, 1995, 1999, 2003 eta 2007. urteetan Udal Hauteskundeetara aurkeztu, eta Itziarko indar bozkatuena izanda, Debako Udalean zinegotzi bat izatea lortu dute. Egun, Maria Jesus Gurrutxaga da Itziar Herria Sortzen taldeko ordezkaria Debako Udalean. Auzo-udal proiektuaren bidetik Itziarrerako funtsezko hobe- kuntzak lor ditzaketela uste du Gurrutxagak eta Debaren eta Itziarren arteko bizikidetza bideratzeko «osagai egokiak» dituen formula da. Izan ere, Gurrutxagaren ustez, Itziarrentzako aurrerapausoak Deba kaltetu gabe egin daitezke.
Proiektu honetan, Herria Sortzen-ek legeak eskaintzen dituen eskumen guztiak, propioak nahiz delegatuak eskatzen ditu. Hasiera batean badirudi Debako alkatea (EA) ez dagoela prest itziartarrek eskatzen dituzten eskumen guztiak emateko, horregatik, negoziatu egin beharko dute. Hala ere, ekimenekoen hitzetan, gainerako udal taldeak proposamenaren aldekoak dira. Beraz, itziartarrek badute oraingoan euren nahia beteko den uste sendoa. «Legealdi honetan mugitu nahi ditugu gauzak, beste hogei urte pasatzen utzi gabe», adierazi zuen Gurrutxagak.
Itziar Herria Sortzen taldearentzat garrantzitsua da, gainera, euren ekimena aurrera eramateko finantziazioa izatea. Diru iturri garrantzitsuenetako bat dute 1992az geroztik azaroaren 1ean egiten dute ganadu feria. Horrela, igande honetan, azoka egunez, ekitaldi berezia egingo dute eguerdian, Itziarko Auzo-Udalerako proposamena aurkezteko.