Andoni Zendoia Erkide Irakaskuntzako koordinatzailea
Hezkuntza, gizarte kudeaketako ondasuna
Kooperatibistaren berezko filosofiak, eta ikastetxe batek zer izan behar duen eta haren helmugek zer izan behar duten nola ulertzen duen, horrek ere gure hezkuntza bidearen arrakasta dakar
Elkarrekin gero eta hobeto». Lelo hori edukiko du datorren azaroan Euskalduna Jauregian izango den Erkideren hezkuntzako euskal kooperatiben bigarren biltzarrak. Federico Mayor Zaragoza, Daniel Innerarity, Pere Pujolas edo Roberto Reyren mailako hizlariek garatuko dute biltzarraren ildo nagusia. Hain zuzen, euskal hezkuntza sarean hain errotuta dagoen hezkuntzako kooperatiba erregimena garatzeko gure ustez funtsezkoak diren hiru ardatz izango ditu biltzarrak.
Kooperatiba-ikaskuntzari eta -ekintzailetzari buruzko barne-hausnarketa eta lan-konpromisoa sustatu nahi ditugu, eta gure ikasleek emaitza hobeak lor ditzatela ezarri dugu erronka bezala. Euskal kooperatibek egiten dugun ekarpen berezi hori azpimarratu nahi dugu, gure ereduak ikastetxe bakoitzeko eragileak modu eraginkorrean biltzen baititu, ardurak hartzeko eta erabakitzeko ahalmenean zentro bakoitzaren autonomia oinarri hartuta.
Zentroen autonomia horrek, ordea, ez du baztertzen denek helburu bateratuak izatea, eta horien artean zalantzarik gabe nabarmentzekoa, bikaintasunarekiko etengabeko konpromisoa. Horretarako, EFQM ereduaren erabilera guztiz hedatua dugu, kudeaketa hobetzeko eta erabateko kalitatea/bikaintasuna binomiorantz aurrera egiteko erreferentzia marko bezala. Euskal hezkuntza kooperatiben sarea beste zentroen gainetik nabarmendu da lortu dituen kalitateko Q ugariak direla eta, urrezko zein zilarrezko bertsioetan, bai eta Europa mailako aintzatespenak direla eta, Finalista, Prize eta Award modalitateetan. Hogeita bost ikastetxek, herenak baino gehiagok, kanpoko aintzatespen egiaztagiriren bat jaso du.
Inork ezin du ukatu euskal hezkuntza kooperatiben sareak Euskadiko Autonomia Erkidegoko hezkuntza munduan duen pisua, eta ondorioz bigarren biltzar horrek eta bertatik aterako ditugun ondorioek eragin handia izatea espero dugu. Gure eremua kontuan hartuz, une honetan gure hezkuntza sareak itaundutako hezkuntza osoaren %40 baino gehiago hartzen du, eta ez dezagun ahantz itaundutako hezkuntzak EAEko hezkuntza sistema osoaren erdia baino pixka bat gehiago hartzen duela.
Zenbatekotan, gure 78 euskal hezkuntza kooperatiben artean, itaundutako ikastetxeak, Euskaltegiak, eta Mondragon Unibertsitatea bera daude. 60.000 ikaslek 4.500 irakasleren irakaskuntza jasotzen dute hainbat hizkuntza-eredutan. Zehazki, %7 A ereduan dago, %15 B ereduan eta %78 D ereduan. Datuok B ereduaren eskaera, eta batik bat D ereduarena, gora doazela erakusten dute. 42.000 familiak, aitak, amak eta kide erabiltzailek egiten dute posible hori guztia, guretzat utziezina den pluraltasuna barne nortasunaren ezaugarria dutelarik.
Hezkuntza sistemaren aldiei begiratuz, ziklo bakoitzean dugun pisu espezifikoari erreparatzen badiogu, hezkuntza kooperatibak etorkizuneko proiektuak direla ondorioztatuko dugu. Izan ere, batez besteko orokorrean %40 badugu, portzentajea askoz nabarmenagoa da haur hezkuntzan: DBHn %35 hartzen dugun bitartean, Haur Hezkuntzan ia %45 hartzera iristen gara. Datu horiei erreparatuta gure proiektuak benetan etorkizun oparoa duela esan genezake. 2002tik aurrera gure sarean sartu diren 28 kooperatiba berriek ereduaren hazkundea berresten dute.
Baina hezkuntzari ezarritako kooperatiba kontzeptuaren arrakastak ez die erantzuten soilik aurretik aipatu ditugun arrazoi guztiei, hala nola kalitateari eta bikaintasuna lortzeko etengabeko ahaleginari. Arrazoi horietaz gain, kooperatibistaren berezko filosofiak, eta ikastetxe batek zer izan behar duen eta haren helmugek zer izan behar duten nola ulertzen duen, horrek ere gure hezkuntza bidearen arrakasta dakar. Hala, gure ikastetxe ia guztiek onura publikoko izaera dute, hau da, ez dute irabazi asmorik. Izena emana duten lege markoaren arabera, zentroak deuseztatuko balira, haien ondasun eta ondare-gaineratikoa erakunde publiko baten esku utzi beharko lituzkete, aurretik izan litzaketen konpromiso ekonomikoak kitatu ondoren.
Lege marko honetan izena borondatez ematea, hezkuntza zerbitzu publiko bezala ulertzearen ondorio logikoa baizik ez da. Gure eredua eta gure hezkuntzaren kontzeptua esaldi bakar batek bil lezake: hezkuntza gizarte kudeaketako ondasun publikoa da.