Kopenhageko gailurraren karietara, klima aldaketari buruzko foroa
GARA |
Azaroaren 6an eta 7an klima aldaketari buruzko foroa izango da Baionan, bost gizarte eragilek antolatuta. Izen handiko adituek parte hartuko dute Baionako IUT unibertsitatean, Kopenhageko Goi Bileraren atarian egingo diren hitzaldietan. Lurraren geroa bestelakoa izan dadin, agintariek hartuko dituzten erabakietan herritarren bultzada beharrezkoa dela ohartarazi eta horren alde ekin nahi dute gizarte eragileek.
Hain zuzen ere, Amis de la Terre, ATTAC, Bizi!, Manu Robles-Arangiz fundazioa eta Survie taldeen eskutik, «informazioa zabaltzeaz gain jendearen aktibazioa» xede duten hitzaldiak izango dira. Kopenhageko gailurrari begira Estatu frantsesean egitekoa den «topaketa nagusia» izango dela adierazi zuen Robles-Arangiz fundazioko Txetx Etxeberrik.
Ostiralean, hilak 6, klima aldaketaren arrazoi nagusiak aztertuko dituzte, horretarako, bertan izango direlarik «Politis» aldizkariko Patrick Piro, Herbé Le Treut klimatologoa, Cyrielle Den Hartigh, Amis de la Terre-ko ordezkariak eta WWF elkarteko Jean-Stephane Devisse. Larunbatean, aldiz, klima aldaketaren kontra borrokatzeko bideak aztertuko dituzte. Erakusketak eta filmak ere izango dira foroak iraun bitartean.