GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zuhaitz Errasti da Polizia frantsesak atxilotutako ustezko ETAko kidea

Zuhaitz Errasti aretxabaletarra da astelehe- nean Polizia frantsesak Isere departamenduan atxilotutako ustezko ETAko militantea. 28 urteko Aretxabaletako gaztea Lyongo polizia etxera eraman zuten, eta uneotan bertan da Parisera noiz eramango duten zain.

GARA

Zuhaitz Errasti aretxabaletarra da astelehenean Polizia frantsesak Vienne herrian atxilotutako ustezko ETAko militantea. Astelehen arratsaldean atxilotu zuten arren, atzo goizera arte ez zuten eman gaztearen izena. Lyongo polizia etxean dagoela jakinarazi zuten atzo, Paris kanpoaldeko polizia etxera noiz eramango duten zain.

Zumaiako herritarrek GARAri jakinarazitakoaren arabera, Guardia Zibila Errastiren gurasoek bertan duten etxea miatzen aritu zen atzo, arratsaldean zehar. Bost bat patrol bertaratu ziren Zumaiara eta, herritarrek salatu zutenez, etxea dagoen kalea itxi eta bertatik igarotzen ziren bizilagunak identifikatzen aritu ziren.

Atxiloketa astelehenean gertatu zen, arratsaldeko seiak inguruan, Estatu frantseseko Isere departamenduan dagoen Ivenne herrian. Poliziak zabaldutako bertsioaren arabera, Volkswagen Golf gris bat gidatzen ari zen Zuhaitz Errasti eta matxura bat izan zuen; ondorioz, errepide bazterrean gelditu behar izan zuen eta, poliziak laguntzera hurbildu zitzaizkionean, atxilotu egin zuten. Informazio agentziek aipatutako ikerketa iturrien arabera, jendarmeak hurbildu zitzaizkionean, autoan matxura izan zuela esan zien Errastik; aldiz, polizia agenteek dokumentazioa eskatu zioten jarraian, eta, orduan, aretxabaletarrak ETAko militantea zela jakinarazi zien.

Berri agentzien arabera, atxiloketaren unean agiri faltsuak, 38 kalibreko pistola bat, hoegi eta hamar kilo aluminio hauts, matrikulak trokelatzeko letra eta zenbaki moldeak, matrikula plaka faltsuak, lo egiteko zakuak eta emakume zein gizonezkoentzako arropak atzeman zizkioten gazteari.

Espetxean izana

Zuhaitz Errastik 28 urte ditu, eta Estatu frantsesean espetxean izana da aldez aurretik ere. 2005eko uztailaren 28an atxilotu zuten lehen aldiz Polizia frantsesean, Jon Troitiño donostiarrarekin batera. Errasti eta Troitiño Brive la Gaillarden herriko merkataritza gune batean atxilotu zituzten.

Lau urteko kartzela zigorra jarri zioten Errastiri eta, behin Parisko auzitegiek ezarritako kondena bete zuenean, hain justu 2008ko azaroaren 5ean, Polizia espainolaren esku utzi zuten. Hiru egunera libre geratu zen, baina, aldiz, Auzitegi Nazional espainolak ETAren aldeko pintaketak egitea egotzi zion eta, ondorioz, «terrorismoa goraipatzeagatik» noiz epaituko zain gelditu zen aske. Iazko azaroaren 26an zuen auzitegi berezian agertzeko hitzordua, baina Errasti ez zen Madrilera bertaratu. Hori dela eta, ordutik aretxabaletarra atxilotzeko agindua zegoen indarrean.

Kartzelan emandako denboran, Nanteseko espetxean bakartuta zela, 26 eguneko gose greba egin zuen gazte aretxabaletarrak. Hain zuzen ere, iazko abuztuaren 15ean hasi zuen gose greba eta, irailaren 10ean, kartzelako zuzendariak beste euskal presoekin elkartuko zutela agindutakoan, utzi zuen bertan behera protesta. Ordurako oso ahul zegoen Errasti.

atzemandakoak

Agiri faltsuak, matrikulak trokelatzeko tresnak eta hainbat matrikula faltsu, 38 kalibreko pistola bat eta 30 kilo aluminio hauts atzeman dizkiote Errastiri, Poliziak zabaldutakoaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo