Onartezintzat jo du Aizager laborariak Baionako epaitegiak ezarri dion zigorra
Bere DNAren lagina ez emateagatik Baionako auzitegiak atzo erruduntzat jo eta 500 euroko isuna ordaintzera zigortutako Aizager laborariak epaia «larria eta onartezina» dela adierazi zuen, «ustekabean» harrapatu ez duen arren. Helegitea tartekatu eta «borroka segituko» du.
Arantxa MANTEROLA
Pare bat minutu iraun zuen sententzia irakurketan «errudun» izatea leporatu ostean, 500 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen atzo Baionako auzitegiak Jean-Mixel Aizager, DNA azterketa egiteko laginak emateari uko egin zion laboraria.
Epaiaren zehaztasunak oraindik ezagutu gabe, Anne-Marie Mendiboure bere abokatuak erabakiak inolaz ere ez dituztela «asebete» nabarmendu zuen, eta horrenbestez, hamar eguneko epean Paueko epaitegian helegitea tartekatzeko asmoa azaldu zuen.
Irailaren 29an epaitutako Ortzaizeko laborariak ere ildo beretik jo zuen. Erruduntzat hartu izana «ezustekoa» ez bada ere, epaia «onartezina» dela adierazi zuen, nabaritzen zitzaion haserreari eutsita.
«Hasieran sindikala zen afera nahiko politikoa bilakatu da, eta espero nuen ez nintzela zuritua aterako», esan zuen. Nabarmendu zuenez, zigorra «oso gogorra» ez bada ere, bada larria, «askatasunen printzipioen aurkakoa baita, ez soilik nire aurkakoa».
Borroka segi
«Bakea ukaiteko, sos hori ordaindu eta kitto» egiterik baduela gaineratu zuen Aizagerrek: «Alta, ez dut ordaintzeko asmorik, ezta nire lagunek elkartasunez ordaindu dezaten ere, nahikoa xurgatzen digute odola lehen ere laborarioi. Inportantea da DNA fitxategien kontrako borroka segitzea eta beren arriskuen eta eskubideen urraketaren mezua hedatzea».
Horrelako legeak egin eta onartzen dituzten diputatuen jarrera «ulergaitza» egiten zaiola azpimarratuta, «axolagabekeria» baztertzera, lege horien ondorioez «hausnartzera» eta «behingoz lozorrotik atera eta esnatzera» dei egin zien.
Aizager sostengatzera Auzitegira joandako ELBko ordezkari batek sindikatuaren «elkartasun osoa» helarazi zion: «Egun, bere borrokan sostengatzen dugu eta gerora ere sostengatzen segituko dugu, sindikatuen ekintza sistematikoki kriminalizatzeko prozedura hauek guztiak irmoki salatzen baititugu».
Zentzu berean, Oldartuko kideek ere segurtatu zuten «bidezkoa den borroka horretan» beren laguntza izango duela, beren «erresumin gorria» adierazi ondoren. «Epaileek ez dute jendartearen iritzia entzun. Epai hau, zigorra izugarria ez bada ere, ezin da onartu, borroka hori erabat zilegi delako. Ezin ditugu fitxategi horiek ontzat eman, finean, askatasunen kontrakoak baitira eta egin daitekeen erabileraz inolako bermerik ez baitago» gaineratu zuten, datozen aste eta hilabeteetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deituta.
Aizagerrek ohartarazi zuen euskal herritarrei maiz leporatu arren «bortitzak izatea», ez duela indarkeria erabiltzeko asmorik, baina «amore ez ematera» eta «bidezko borroketan, desobedientzia erabiltzeko beldurrik ez izatera» dei egin zuen.