GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Txaloa politikariari... politika egiten ez badu

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak, herriko tabernen auzia dela-eta, Arnaldo Otegi kartzelan atxikitzeko eskatu izanak Estatua politikari abertzalearen eta oro har ezker abertzalearen kontrako jazarpena eta presioa bere horretan aurrera eramateko prest dagoela erakusten du. Otegi eta ezker abertzaleko gainontzeko kide kartzelatuak atxilotu eta berehala Donostian emandako erantzunak atxiloketa haiekin Estatuak erakutsitako beldurra justifikatuta zegoela agerian jarri zuen; nolanahi ere, errepresioa ezaugarri nagusi duen estrategia horren kudeatzaileak hari eusteko prest ageri dira, Estrasburgoko Auzitegiak Alderdien Legearen alde eman zuen ebazpenari helduta. Hala ere, haien sinesgarritasuna gero eta eskasagoa da, gogoratu besterik ez dago, besteak beste, oraindik orain Nazio Batuetako lan talde batek argitaratu zuen txostena; bertan, Batasuneko kideak alderdi horretakoak izateagatik atxilotzea bidegabea dela esaten da, Estatu espainoleko berme juridikorik eza nabarmen utziz.

Hartara, Estatu espainolaren sinesgarritasunak behera egiten duen neurri berean, ezker abertzaletik gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko prozesua aurrera ateratzeko lan egin dutenen sinesgarritasunak gora egiten du. Izan ere, nazioarteko hainbat begiralek ez dute gehiegizko lanik izan ezker abertzalearen kontrako azken operazioaren atzean benetan zer dagoen ulertzeko. Eta begirale horiek bezala beste askok, Otegik eta gainerakoek egin duten lanaren jakitun, haien merezimendua aitortzen dute. Halaxe egiten du Xabier Arzalluzek ere gaur GARAk eskaintzen duen elkarrizketan.

Baina Arnaldo Otegiren eta ezker abertzaleko beste kideen lanaren aitortza Euskal Herritik edo nazioarteko hainbat instantziatatik ez ezik, PSOEko ordezkarien eta alderdi horren inguruko hainbat eragileren ahotik ere entzun izan da, eta politikari abertzaleak onartu ez ezik, txalotu ere egin izan dituzte; baina, ikusitakoak ikusita, argia dirudi politikariek politika egiten dutenean kartzelan nahiago dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo