GARA > Idatzia > Kultura

Amorruz eta maitasunez, «Babiloniako loreak» amonari azken agurra da

GARA | DONOSTIA

Fábrica de Teatro Imaginario antzerki taldeak bere azken lana aurkeztu zuen atzo Donostian, «Babiloniako loreak» izenekoa.

Amona eta bilobaren arteko istorio bat dakar antzezlanak, zehazki, amama Inesi bizitzako azken egunetan Hegoa bilobak eskaintzen dizkion hitzen bidez.

Ander Lipus zuzendariak prentsaurrekoan azaldu zuenez, lan honek antzinako Babilonia hiriko lorategiak gogorarazten ditu, eta nola «lur ustelenetan ere lore ederrenak hazten diren».

Amonaren azken egunak sentimendu sorta nahasi batekin oroitzen ditu Hegoak: amorru, maitasun, tristezia eta poza; eta horiekin guztiekin egiten dio agurra Inesi. Gazteak kontzertu bat eman behar du amona galdu duen egunean, eta hura oroituz, "Babilonia madarikatuan" abestia idatziko du.

Lipus zuzendariaren hitzetan, Hegoak ordezkatzen du oraina, eta Ines amonak irudikatzen du iragana, bi errealitateen arteko kontrastea eta alderaketa sortzen dela.

«Tragikomedia» bat dela esanez definitu zuen Lipusek, pertsonaiak biltzen dituen giroa eta erabilitako dekoratuan zitalkeria irudikatu nahi izan dituelako: «Pertsonaiak interesatuak eta maltzurrak dira; apaiza, ardoa eta janaria soilik dituela buruan; edota lurperatzailea, hilerrian ez duelako nahikoa toki amona lurperatzeko».

Argumentuaz Jon Gerediaga arduratu da, baina zuzendariaren benetako bizipenetan oinarrituta dago lana. «Orain urte batzuk nire Markina utzita, Madrilera joan nintzen artista moduan ibilbidea egiteko, eta amonak ez zuen inoiz nire erabakia ulertu. Ondorioz ohean egon zen bost urtez, gaixoturik bezala, tristeziaz hil zen arte», azaldu zuen Lipusek.

Antzezlana Egiako Kultur Etxeko Gazteszena aretoan eskainiko dute datorren larunbat eta igandean, 20.00etan, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo