Bigarren maila
Final- laurdenetako kanporaketak zozketa bidez erabaki dituzte
J.O. | GASTEIZ
Txapelketa nagusiaren itzalpean bada ere, Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa ere badoa aurrera, eta atzo elkartu ziren Aspe eta Asegarceko ordezkariak, final-laurdenetako kanporaketak nola osatu erabakitzeko.
Orain arte, enpresa bakoitzak bere kasa antolatu du bere txapelketa, Asegarcek final-hamaseirenetako kanporaketa bat jokatu zuen, eta Aspek zuzenean final-zortzirenetan ekin zion, baina final-laurdenetan enpresa bateko eta besteko pilotariak elkarren aurka arituko dira, zerrendabururik ez dagoen fasean.
Atzoko zozketaren emaitzaren arabera, Cabrerizo II.a -Arruti kanpoan utzi zuen- Argotek eta Ibai Zabalak ostiralean Iurretan jokatuko duten partidan irabazle ateratzen denaren aurka arituko da. Apraiz zazpi tantotan utzi zuen Urrutikoetxeak, aldiz, astelehenera arte itxaron beharko du Galarza VI.a ala Ibai Perezen aurka jokatuko duen jakiteko. Iza kanporatu ostean, Bellosok larunbatean jakingo du zein den bere aurkaria: Merino ala Cecilio. Azken kanporaketan, Mendizabal I.a eta Urberuaga edo Apezetxea neurtuko dira.