GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Orain gozatu, bihar ikusiko dugu zer egin

 

Badut inguruan jendea oporretan gaudelarik, afaltzen, mahai inguruko berriketa alaia zas! mozten duena zera galdetzeko: «Beno, eta bihar zer ordutan jaikiko gara?». Barregura ematen didate. Gauero berdin. Lasai, bihar ikusiko dugu zer egin!

Egia erran, nire burua ere harrapatzen dut noiz edo noiz momentukoari jaramon handirik egin gabe gerokoan pentsatzen, tontakeri handienean batzuetan. Gu hemen eta orain gaude, ezinbestean. Baina gure gogoa agian ez, gogoa libre da edozein toki eta unetara bidaiatzeko. Eta planak sortzen dira: biharko, astebururako, eta urrunagorako, gure etxea dugunerako, umea izaten dugunerako, haurra hazten denerako, zahartzarorako... Auskalo noraino joaten garen! Horrelakoetan aunitz oroitzen naiz Meli Estebanek, Gabriel Arestiren emazteak, elkarrizketa bukatu eta kalean elkar agurtzean, lau musu eman, eskutik heldu eta zer aholku eman zidan: «Gozatu bizitza, lau egun dira-eta; aprobetxatu. Beti egon ohi gara garai hobeen esperoan, baina ez badira ailegatzen? Orain izan behar dugu zoriontsu eta, horretarako, pertsona ona izatearekin aski da».

Etorkizuneko ilusioak bizipoza dira, ez diogu deusi itxaron behar, ordea, nahi duguna egiteko, edo horretan ahalegintzeko, behintzat. Denbora badoa eta berarekin batera errepikatuko ez diren paisaia, usain, une, soinu eta kolore hauek guztiak. Bizitza badoa eta ez du balio gero aztoratzeak: «Ai, ze azkar pasatzen den denbora! Ez naiz konturatu ere egin!». Xabier Amurizak hala idatzi zuen «Orain ezin naiz hil» liburuan gauerdi ilargitsu eta bakartien gainean: «Zelan daiteke, eguna elkar zapaltzen igarota, gau osoan inor ez gelditzea edertasun hau guztia gozatzen? Horrela heldu gura al jabek zorionera?».


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo