Euskadi saria, Xabier Leteren «ahotsaren benetakotasunari»
Azken lau hamarkadetako euskal musikagintza eta poesia ezin da Xabier Lete (Oiartzun, 1944) gabe ulertu. Horregatik, atzo «Egunsentiaren esku izoztuak» (Pamiela, 2008), bere azken poema liburua, euskarazko lituraturaren Euskadi sariaren irabazle izendatu dutela iragartzeak ez du harridurarik sortu, eta bai zenbait «apustu» bete. Lete egile handia baita. Itzulpengintzan, Antton Olano saritu dute Wilkie Collinsen «Ilargi-harria» klasikoagatik.
A. EREÑAGA - A. ARRUTI | DONOSTIA
«Egunsentietan kulparen zamak kolpatzen gaituela jakitea, horretaz konturatzea, hori da poesia, eta jakitea maite dugun guzti hura iragankorra dela, haus- korra; maite ditugun izaki eta pertsonak ezin ditugulako zoritxarretik eta heriotzatik libratu. Poesia, beste era batean esateko, otoitz etsiperatu bat izango litzateke gure izate iluna noraezera daramaten jainko uzkurrei zuzendua». Hitzak Xabier Leterenak dira, orain urtebete argitaratu eta orain saritua izan den liburuaren gainean idatzi zuen «Poesiaz gogoeta bat» liburuxkatik ateratakoak.
«Galera sentimenduaren gaineko gogoeta» egin zuela azaldu zuen orduan Xabier Letek bere bosgarren poema liburua aurkeztu zuenean, eta emazte zenari, Lourdes Iriondori eskaini zion. Nostalgia eta poza, mina edota nahigabea, guztiak biltzen ditu lan honetan, hitz idatziaren bidez. Heldutasunetik gauzatutako lan honen hirugarren edizioa dagoeneko atera du Pamiela nafar argitaletxeak, eta hau ez da batere ohikoa batez ere lantzen duen generoagatik. Ezta Euskadi Literatura sarietan ere. Baina aurtengo finalisten artean -Harkaitz Cano, Luis Garde, Anjel Lertxundi Juanjo Olasagarre eta Kirmen Uribe- poesia izan da «garaile». Maite Gonzalez Esnal buru zuen epaimahaiak «Egunsentiaren esku izoztuak» lana saritzeko emandako arrazoiak hauek dira: «Klasikotasuna. Ahotsaren sendotasuna, aberastasun diskurtsiboa; erritmo eutsian bizi-mina eta bizi-mindura adierazten da. Solasa tradizioarekin. Ahotsaren benetakotasuna».
Erabakiaren berri Ramon Etxezarretak, Hizkuntza Politikako sailburuordeak, eman zuen atzo Donostian eskaini zuen prentsaurrekoan. Polemikaz inguraturik dauden sari hauek -idazle talde batek sarietan parte hartzeari uko egin zion 2007an, beraien ustez, sarituak aukeratzerakoan irizpide literarioak aintzat hartu beharrean, Lakuako interesen menpeko irizpideei jarraitzen dietelako- orain, Gobernu berriarekin, «bideratzeko» asmoa dagoela adierazi zuen Etxezarretak. «Datozen urteetan kontsulta gehiago egingo ditugu formula bat bilatzeko, egileekin begirunea eta gurasokeriarik gabe aritzeko», adierazi zuen.
Literatura itzulpen onenaren sariari dagokionez, Antton Olanok Alberdania-Elkarren Literatura Unibertsala sailerako itzulitako Wilkie Collinsen «Ilargi-harria»ri ematea erabaki zuen Josu Zabaleta buru zuen epaimahaiak. Beste merituen artean, «Collinsek obra honetan erabiltzen dituen erregistro ugariak euskarara egoki bihurtzeko egindako ahalegin handia eta lortutako arrakasta» nabarmendu ditu epaimahaiak. Saritu bakoitzak 18.000 euro jasoko du. Horrez gain, 4.000 euro bideratuko dituzte Xabier Leteren lana beste hizkuntza batean argitaratzea bultzatzeko.
Gaixotasuna eta laztana
Prentsaren aurrean sailburuordea bakarrik agertu zen, baina ez polemikaren eraginaren poderioz. Antton Olano Katalunian bizi da, eta bestalde, Xabier Lete ez da halako ekitaldietara joaten den horietakoa, batez ere bere osasun egoeragatik. Azken hamabost urteetan gorabehera asko izan ditu, eta kolpe latza izan zen berarentzat Lourdes Iriondo emaztearen heriotza, duela hiru urte. Jose Angel Irigaray olerkari eta beraren lagunak argitu zuenez, Lete astelehenean bertan irten zen ospitaletik, eta, bestetik, ama hil berri zaio. Irigaray eta Pello Lizarralde, Pamielako editoreak, bidali zituen bere «ordezkari» legez atzoko prentsaurrekora. Letek ba omen du, dena den, datorren azaroaren 24ko sari banaketara joateko asmorik. «Sariarekin? Pozik -erantzun zuen Irigarayk-, baita liburuarekin ere, liburu hau sari bat izan delako berarentzat». «Laztan bat izan da, oxigenoa», gaineratu zuen, zaleen erantzunak sortzailearengan izandako eragina nabarmenduz. «Oso mundu berezia garatu du, baita kantagintzan ere. Bere kanta asko erreferenteak bihurtu dira, kantu-poemak».
Iazko azaroaren 28an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bere bosgarren poema liburua aurkeztu zuenean, «gizatasunaren ezaugarri nagusietakoa da hitza, eta horra jo beharko genuke, nahiz eta jakin, ahalegin horretan huts egingo dugula ia beti», azaldu zuen Xabier Letek. «Hitzek bizitza esplikatu nahi izaten dute, baina bizitzak ihes egiten die». Estoizismo nahia ere azaleratu zuen. «Bizitzak emandakoa geurea bihurtzen da neurri batean, baina kendu ere egiten digu eta hori onartu beharra dago».
«Lourdes -su esposa, la cantautora Lourdes Iriondo, una de las artífices del movimiento cultural Ez dok Amairu- antes de morir le dijo que tenía que seguir haciendo cosas hermosas. Le estimuló para acabar el libro», decía ayer el poeta José Angel Irigaray, uno de los «culpables» de que Xabier Lete se decidiese a escribir «Egunsentiaren esku izoztuak», el libro galardonado con el premio Euskadi de Literatura en Euskara. Lete que, pese a su estado de salud -«tiene fuerza, a pesar de su precariedad y su fragilidad, apuntó Irigaray»-, continúa escribiendo, y también está metido de lleno en los tres conciertos que todavía le restan. El germen fue el que ofreció en Iruñea en diciembre del pasado año, con la muerte de Mikel Laboa aún reciente. Aquella lectura de poemas musicalizada provocó tal reacción en el público y, por ende, en el poeta y cantante -«estuvo dos horas firmando libros»-, que se animó a ofrecer cuatro conciertos más. Pamiela prepara un DVD con aquellos encuentros, un documento especial que, con toda probabilidad, será una de las estrellas de la próxima Feria del Libro y Disko de Durango. Y precisamente en Durango es la próxima cita de Xabier Lete con su público, ya que este sábado estará sobre el escenario de Plateruena (a las ocho de la tarde, por 5 euros), junto a Joxan Goikoetxea, quien realiza el acompañamiento musical. Faltan la cita de Elgeta y, otra muy especial, sobre Navidades en Urnieta, en las fechas en las que se recordará el fallecimiento de Lourdes Iriondo.A. E.