«Itzulpenetan tonua ematea izaten da zailena; hor egin dut ahalegina»
Itzultzailea
Egun Katalunian bizi den Antton Olanok literatura itzulpen onenaren Euskadi saria jaso du Wilkie Collinsen «Ilargi-harria» euskaratuta (Alberdania-Elkar, 2008). Misterio nobela modernoaren aitzindari den XIX. mendeko lana ondo kostata gainditu duen erronka ikaragarria izan da itzultzailearentzat.
Euskadi saria jaso berritan, nola zaude?
Finalista nintzela esan zidatenetik, banekien aukera neukala, baina egia esan, bihotz ikara sentitu dut gaur, larritasuna eta poza, ez nagoelako ohituta jendaurrean agertzera batetik, eta besteek zuk egindako lana aintzat hartzea delako, bestetik.
Aurretik ere itzulpen lan ugari egin dituzu, eta honakoan, klasiko aitzindari bati heldu diozu.
Orain arte batez ere gazteen literatura jorratu izan dut, eta itzultzea gustatzen zaidanez, baneukan gogoa lan handi bati heltzeko. Obra ezagutzen nuen lehenagotik -bereziki literatur mota honen zale ez banaiz ere-, eta Literatura Unibertsaleko zerrendan zegoenez, itzultzera aurkeztu nintzen, Ingalaterran ingeles ikastaro bat egiten ari nintzela.
Ez da erraza izango halako erronkari aurre egitea.
Erronka hartzeko gogoa nuen, ea gauza ote nintzen. Baina ez nituen indarrak ondo neurtu horrelako lan bati aurre egiteko, eta gerora ez dut esango damutu naizenik, baina oso gaizki pasatu nuen. Izugarrizko lana da eta bakar-bakarrik egin nuen denbora luzez eta bukatu arte, inori aholkurik eskatu gabe.
Lan eskerga eta buruko min ugari eman dizkizu lanak.
Konturatu nintzen ez zuela ongi funtzionatzen. Bizitasuna falta zitzaion, itzulpena literalegia zen, zurruna eta gogorra zazpiehun orritik gorako liburuan. Irakurleak ezinezkoa du irakurtzea behin eta berriro oztopoak bilatzen baditu tartean, ez badu gozatzen irakurriz. Eta nire helburua, jatorrizkoan bezala, irakurleak liburua irakurriz gozatzea zenez, berriz goitik behera idatzi nuen, nahiz eta bertan behera uztekotan ere egon nintzen -Jon Muñozek emandako laguntzari asko zor dio itzulpenak-.
Baina epaimahaiaren arabera, azken emaitza bikaina izan da, jatorrizkoaren tonua ematen asmatu omen duzu eta.
Hori izaten da zailena itzulpenean, tonua eman edo harrapatzea. Eta nire ahaleginik handiena ere hori izan da kasu honetan, irakurleari Collins irakurtzen ari zela pentsaraztea, beraz epaimahaiak dioena egia bada, poztekoa da. Oro har saiatu naiz testu irakurterraz bat egiten, liburua irakurleen eskuetatik ez erortzeko eta jatorrizkoari ahalik eta fidelena izateko.
Gozatua ere hartu duzu azkenean, Saria lortuta behintzat.
Gozamena gustura geratzen nintzen esaldi bakoitzak eman dit, gustatzen zaidalako zeregin edo lanbide hau. Sariaren garrantzia berriz, batez ere lana aitortzearena da. Laguntza ekonomikoa ere, kasu honetan, oso inportantea da niretzat, itzulpena galera handia izan delako, izan ere, denbora asko hartu dit eta beste lan batzuk utzi behar izan ditut. A. B.