Gatazkaren konponbiderako gakoak, argi eta ozen
Zer argitu diezaioke, euskal gatazkaren eta honen konponbidearen auzian, kanpotar batek bertako bati? Atzo Donostian Brian Currinek erakutsi zuenez, gauza asko eta garrantzitsuak. Hegoafrikako demokraziaren aldeko borrokan trebatutako abokatua da Currin, nazioarteko hainbat gatazketan bitartekari gisa aritutakoa. Duela bost urtetik Euskal Herriko egoera politikoa jarraitu duen arren, «outsider» gisa aurkeztu zuen bere burua Currinek, eta inoren agenda politikoa finkatzeko asmorik gabe hitz egingo zuela esan zuen. Baina bertara gerturatu zirenetatik askok, tartean euskal politikari eta kazetari ezagunak, tentuz entzun zituzten bere hitzak eta ziur gogoan hartuko dituztela.
Currinek ezker abertzaleko buruzagien zintzotasuna eta hauen proposamenaren potentzialtasunak azpimarratu zituen. Gainontzeko abertzaleei ezker abertzalearen proiektu horri babesa emateko eskatu zien, alderdikerien gainetik gatazkaren konponbidea hobesteko eta egoerak agintzen duen bezala jokatzeko gomendatzeaz gain. Kazetariei etika exijitu zien. Ezker abertzaleari ekin duen bideari eusteko eskatu zion, Madrilek ekidin nahi izan duena aurrera ateraz. Une honetan indarrak Euskal Herrian bildu behar direla azpimarratu zuen, nazioarteko komunitatearen ateak, momentuz, itxita daudelako. Baina batez ere konfiantza eskatu zuen, bai norberaren buruan bai elkarren artean ere.