GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Mundu mailan sinesgarritasun osoa duten pertsonen aurka hitz egitea ez da oso ideia ona

Martin Scheinin edo Brian Currin bezalako pertsonek zerbait erakutsi baldin badute Euskal Herrira egin dituzten bisitetan, herri honetan gertatzen denari buruzko lehen mailako informazioa eta gatazka zehatz honi buruzko ezagutza handia dutela da. Bestela ere, beren curriculumak kontuan hartuta soilik, beren lanean punta-puntako profesionalak direla argi dago. Eta, gustatu ala ez gustatu, beren lana giza eskubideak bermatzea eta demokraziaren garapena sustatzea da. Horregatik dira ezagunak eta horrexegatik dira baloratuak mundu mailan, zein bere esparruan.

Horregatik besterik ez bada ere, beren sinesgarritasuna kinkan jarri nahi izateak estrategia okerra dirudi, edonondik begiratuta ere. Azken asteotan hori egiten ahalegindu dira Lakuako Gobernuko ordezkari Rodolfo Ares eta Idoia Mendia; Ares Currinekin eta Mendia Scheininekin. Aditu horiek inozoak direla argudiatuz herritarrak ere tuntunak direla uste dutela erakusten dute Lakuako Gobernuko ordezkariek. Baina, batez ere, esan dituzten egia borobilak ezkutatu eta eztabaida saihestu nahi dute. Paradoxikoki, beren maila intelektual eta politiko eskasa erakustea ere lortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo