Zuzenbidea, errepresioaren morroi
Behin-heineko kartzela salbuespeneko neurria izan ohi da eta, ondorioz, oinarri sendoa izan behar du, betiere akusatuari egozten zaion delitua, ihes egiteko benetako arriskua eta beste zenbait inguruabar era ahalik eta objektiboenean aztertzearen ondorioa izan behar duen oinarria. Akusatua ezker abertzaleko euskalduna denean, ordea, akusazio partikularren espetxeratzeko eskaera sistematikoa izan ohi da. Baina larriagoa dirudi fiskalek ere jokaera bera izateak eta areago epaileek gehien-gehienetan eskaera horiek betetzeak. Ez zen hori egunotan Auzitegi Nazional espainolean epaitu dituzten gazteen kasua. Nabarmentzekoa da Segikoak izatea leporatuta, zazpi urteko kartzela eskatu zuela fiskalak, baina horrelako gauza ulertezinak ere -zuzenbidearen erabilera makur horiek alegia- ohikoak dira, tortura salatu duten akusatuen deklarazioak frogatzat hartzea bezala. Atzo amaitu zen epaiketa eta, baldintzapeko askatasunean zeuden bost gazte horiek epaiaren zain daude; hala ere, horietako bi espetxean dira jada epailearen aginduz, fiskalak eta AVTk hala eskatu ondoren. Eneko Aizpuru eta Garikoitz Mujikak ezarri dizkieten baldintzapeko neurri guztiak bete dituzte orain artean, baina atzo Zigor Aretoko epaileek aurreko irizpidea aldatu zuten, errepresio goseak -Madrilgo Gobernuak erakusten duen errepresio gose berak-baino azaldu ezin dezakeen erabakia hartuta.