GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Felix TOBAR-ARBULU I Ingeniaria

Sendaezinezko gaixotasuna daukagu: esperantza

Ulertezina da. Israelgo jendeak historikoki asko sufritu du, gehiegi. Herri sakabanatua izan da. Gero nazien denboran, ghettoetan biziraupena ezagutu du. Azkenean estatu bat lortu. Baita palestinar herriari sufriarazi ere. Horixe da ulertezina. Hainbeste pairatu duen herri batek beste herri bat menperatzea, ghetto berrietan sarraraztea...

Hori dela-eta, kontuan edukirik zer-nolako jarrera pasiboa, aldekoa izan ez denean, izan duten israeldar mundu akademikoak eta, oro har, mundu intelektualak, jende akademiko hori eta intelektual horiek salatzeko kanpaina erraldoi bat martxan jarri da munduan zehar. Baita gure Euskal Herrian ere. Dokumentuak eta agiriak Internet bidez eskura daitezke: «Call for Academic and Cultural Boycott of Israel» izeneko agiria: http://www.pacbi.org/etemplate.php?id=869; Oinarrizko dokumentuak: http://www.pacbi.org/einside.php?id=69; maiz egindako galderak: http://www.pacbi.org/etemplate.php?id=867.

Dokumentu horietan badago informazio pilo bat, baita egoerari erantzuteko bideak eta moduak ere.

Kontua da maila intelektualean ere zertxobait esan beharra dagoela. Eta horretarako, nor hobe orain dela gutxi hil den palestinar poeta baino, hots, Mahmoud Darwich? Izan ere, Palestina horretan, Galilean, poeta erraldoi bat jaio zen.

Mahmoud Darwishek (1942-2008) hamaika lan plazaratu zuen hala poesian nola prosan: ikus http://www.mahmouddarwish.com/ui/english/ShowContent.aspx?ContentId=1.

2002an, «Assiège ceux qui t'assiègent!» izeneko artikuluan honela zioen Darwichek: «Arabiarrek Israeli bake globala eskaini diote, gure aberri historikoaren bosten bat besterik ez mantenduz. Israelek eskaintza eskuzabal horri, hurrengo egunean, gerla totala deklaratuz erantzun dio». Poetaren iritziz, palestinarren existentzia -palestinar gisa, gizaki modura- defentsatik igarotzen da. Alta, Darwich bakezko eta justiziazko gizona zen.

Palestina lur-amatzat zeukan poetak, eta 2002. urtean setioan eta okupazioaren menpe bizi zirenei eskaini zizkien bere hitzik sentikorrenak, sendoenak, maiteenak, hala poesian nola prosan: «Bizitza normalerako eskubidea, 1967tik okupaturiko lurreko estatu independente batean, besterik ez dugu eskatzen» (2002 ko «We have an incurable malady: hope» izeneko hitzaldia). Poetak zioenez, kontua ez zetzan Gobernu israeldarrak erakutsi nahi zuen bi existentziaren arteko gatazkan: haiena eta gurea. Arazoa okupazioarekin bukatzea zen. Israelgo Gobernuaren aurka, «gaixotasun sendaezina daukagu: esperantza. Esperantza askatasunean eta independentzian. Esperantza bizitza normal batean, non gu ez baikara ez heroiak ez biktimak...».

Hona, beste aldetik, Darwichen iritziz, idazkera poetikoaren lehen aldia: sentimenak eta bat-batekotasuna adierazteko beharra askatu behar dira idazketa legeetatik eta erretorikatik. Izan ere, poesia «sentsazioak bide kontzienteen bitartez adieraztea da, ez bide sentsorialen bitartez arrazonatzea» (1996, «Nulle demeure pour la poésie hors un canon poétique» elkarrizketan). Elkarrizketa honetan bertan indioekiko atxikimendua azpimarratzen zuen. Indioek lurrarekiko zeukaten (eta oraingoz batzuek daukaten) harremana goraipatzen zuen, lurra, belarra, zuhaitzak, basoak, harriak, izaki bizidunak balira bezala tratatuz. Lurra eta kolonizazioa, lurra eta okupazioa, jadanik Ipar Ameriketako indioek ezagutu zuten egoera larri bertsua salatzen zuen poetak.

Baina poesia ez da formalismo hutsa, idazle askotxok aldarrikatzen duten moduan. «... Neure estatua nik neuk eraiki dut, neure hizkuntzan. Poesiak ez baldin badauka giza espaziorik -ez badu gizakia ukitzen-, testua hilik dago» (1996, «Je ne reviens pas, je viens» elkarrizketan). Elkarrizketa berean: «Herrialde honetatik igaro diren kultura guztien ondorioa naiz, kultura grekoa, erromatarra, pertsiarra, judua, otomandarra. Presentzia hori nire hizkuntzan ere azaltzen da. (...) Kultura horien guztien semea naiz, baina ama soil eta bakar bati nagokio (...) Nire ama mundu guztiari abegi ona egiten dion lur hau da...». Hala ere, berak nahi zuena ondokoa da, alegia, haren poemen irakurketa hain politikoa ez egitea.

Juduen kontra naziek egindako sarraskia zela-eta, Adorno-ren esana gogoratuz («Auschwitz-ez geroztik, posible ote da poema bat idaztea?»), Darwichek, israeldarrek eta amerikarrek arabiarren aurka egindakoez antzeko galdera egin zion bere buruari. Basakeriaren aro honetan ba ote dago poesiarako denborarik?

Ezagutzen dugun mundu basatiaren aurrean, oraingoz poema bat idaztea posible ote zen galderari erantzun zuzena eta zehatza eman zion («La poésie en des temps de sauvagerie» delako artikuluan): «Dudarik gabe, gaur egun poesia behar dugu, inoiz baino gehiago». Poesia hori geure sentikortasuna berriz aurkitzeko da, gizateriaren ametsik goxoena lortzeko, alegia, askatasunaren ametsa. Egun, errealitate gordinaren aitzinean «erresistentziarako metodoa» da poesia.

Hona hemen, bada, Darwichen mezu sakona, egungo poesiaren autokritika eginez: poesiak gizakia behar du, hala maila kolektiboan nola pertsonalean. Darwich Palestinak daukan autodeterminazio eskubidearen defendatzaile sutsua izan da. Taldea (herria) eta gizabanakoa errealitate bakar baten bi aurpegi zatiezinak dira. Zentzu honetan poesia posiblea da, baita beharrezkoa ere.

Dena den, hona hemen Darwishen beste iritzi desberdin bat (2002koa): «Uste nuen poesiak dena aldatu ahalko zuela, historia aldatu eta denari giza kutsua eman, eta uste dut ilusio hori oso beharrezkoa dela poetak bustitzen bultzatzeko eta sinesteko, baina orain uste dut poesiak soilik poeta bera aldatzen duela» (http://www.progressive.org/node/1575).

Palestinak bere poeta handia galdu du. Ez, ordea, palestinarrek daukaten duintasuna. Horrek zutik dirau. Duintasun hori dela eta, datorren azaroaren 7an Altsasun Askapenaren ildotik, Internazionalista Eguna ospatuko da.

Aukera ederra, beraz, Darwish gogoratzeko eta, gogoratzearekin batera, ohorea palestinar herriari eta ohorea poeta eta idazle handia zen Mahmoud Darwishi (http://armiarma.com/emailuak/poetak/darwish.htm).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo