GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hendaiako atxikitze zentroa, immigrazio politiken ispilu

GARA |

Hendaiako atxikitze zentroan atxilotutako zenbait pertsonen egoera deigarriak prentsara salto egin duen egunotan, Cimade elkarteak 2008ko txostena aurkeztu du. Zentroetan atxilotutako immigranteei laguntza juridikoa ematen dien Cimade elkarteak salatu duenez, «kanporatzeen industrializazioa» eman da azkenaldian, eta horren ondorio da kuotak eta atxilotze tokiak hirukoiztu izana.

Aldaketa horien ispilu da Hendaiako atxikitze zentroko politika ere. Izan ere, Hendaiako zentroan dauden etorkin gehienak leku batetik bestera joan-etorrian zirela atxilotutako herritarrak dira. Sarri jatorriko herrialdeetara bidean direla ere atxilotzen dituzte etorkinak, jarraian herrialde horietara beraietara kanporatzeko. Magreb eta Brasileko etorkinekin gertatzen da hori bereziki. Iaz atxilotutako 300 pertsonen %9,97 brasildarrak ziren, %9,63 marokoarrak eta %6,98 aljeriarrak.

Hendaiako zentro berria 2008ko ekainaren 2an ireki zen. Hala, zentroa hamabost toki izatetik hogeita hamar izatera pasa zen.

Kanporatzeen aurka

Biarritzeko Ligue Gay Pride (LGP) elkarteak Hendaiako zentroan den Nilem Boma Ndikum gazte kamerundarraren kasua salatu du. Atxilotu zutenean homosexuala zela jakinarazi eta hori dela eta Kamerunen poliziengandik jasandako tratu txarrak salatu zituen. Kamerunen homosexualitatea delitua dela eta Bomma Ndikumek jaioterrira kanporatua izateko arrisku handia duela kontuan hartuta, kanporaketa gauzatuko balitz Estatu frantsesa «homofobiaren konplize» bilakatuko litzatekeela salatu du LGP elkarteak.

Astearen hastapenean hamar urtez Estatu frantsesean guztiz integratuta bizi izan den Zhou Yu txinatarra kanporatzea deliberatu zuen Paueko Administrazio Epaitegiak. Erabakiak hautsak harrotu ditu urteetan frantses eta txinatar kulturen artean egin duen zubi lanarengatik behin baino gehiagotan telebista publikoan agertu izan baita eredu gisa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo